Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Tito
Tximinoek kokoak botatzen dizkiete turistei Andra Mari Zuriaren katedralaren kupulatik. Iguanak aske dabiltza Aiztogile eta Zapateria kaleetan eta ez harritu lororen batek gainean kaka egiten badizu udaletxe aurreko palmondoetatik pasatzerakoan. Hiriko sanba eskola bakoitza hasi da hurrengo inauterietako desfilea prestatzen Lakuako eraikin ofizialetako bere sede sozialean. Nahiz eta, oraindik denbora falta denez, udaleko langileak ez diren hasi Salburuako sanbodromoa garbitzen. Orain lasai baina gaitezke Gasteizko hondartzan, kaiman eta marrazoen beldur izan gabe, poliziak bainujantzi estu eta gorriarekin paseatzen baitira uraren ertzean. Inork ba al daki non gordetzen duten pistola? Zein ongi gauden txiringito honen atarian Gorbeia aldeko brisak bero sentsazioa arintzen baitu. Zein lasai gauden; ederra dago Mañuetako urteko ardo hau (tropikalak bai baina tontoak ez). Eta horrela hirekin gogoratu gaituk.
Orain, kale kantoian, bugainbilea baten itzaletan eseri eta gitarra astindu dezakegu. Orain, guztiak mulatoak garenez, arin- arin zein porrusalda sentsualak dantzatuko ditugu gobernu zibilaren aurrean. Gero, dultzainarekin God Save the Queen jo eta kalejiran joango gara irekita dagoen hurrengo «zulora». A! eta aste santuaren atarian gaudenez, ez ahaztu, santeria eta budu errituetan parte hartzeko aukera izango duzula katedralean eguneroko hiru txandatan. Bidenteak konfesionarioetara! Hi Tito, ez zekiat inoiz Euskadi libre eta tropikala izango den, baina euskal rocka gauza transzendete, serio eta pedantea bihurtu zenetik hemen bizitzea aspergarriagoa dela, bai. Iraultzaren zenbatgarren legeak dio musika militanteak serioa izan behar duela? Errepasatu liburu handia, neska-mutilok, errepasatu.