GARA > Idatzia > Kultura

BCCk bere sukaldeko ateak ireki dizkie zaleei, ikasiz gozatzeko

Basque Culinary Centerreko sukaldeetan sartu eta zikintzeko, esperimentatzeko eta prestatutakoa etxera eraman eta partekatzeko aukera izanen dute zaleek, BCCk hemezortzi ikastaro praktiko berri antolatu dituelako chef adituekin. Aurrenekoz, baita euskaraz ere.

Maider IANTZI | DONOSTIA

Euskal Herrian dagoen sukaldaritzarako grinari erantzunez, eta interesa dutenei hobetzeko aukera zabala eta prezio onekoa eskaini nahian, Basque Culinary Centerrek zaleentzako hemezortzi ikastaro berri antolatu ditu. Besteak beste, Mirador de Ulia jatetxeko Ruben Trincado, Xarmako Aizpea Oihaneder eta Robin Bananako Ivan Ferreyrarekin partekatuko dute sukaldea ikasleek.

Joxe Mari Aizega BCCko zuzendariak ondoan izan zituen Oihaneder eta Trincado atzoko aurkezpenean, hainbat ikastaro emanen dituzten Aitzol Zugastik eta Kote Garciak tortilla pintxo bereziak eta ahatearekin eta hainbat kolore eta testuratako barazkiekin egindako entsaladak prestatzen zituzten bitartean, kurtsoetan eginen dutenaren erakusgarri.

Pintxoetatik hasi eta Italiako sukaldaritzaraino, hainbat jakintza berri ikasten ahalko dituzte gastronomia zaleek: etxean koktel goxo-goxoak egiten, gazta, pastelak... Errezeta tradizionaletatik berritzaileetaraino, denetarik prestatuko dute. Baina ikastaroak hagitz desberdinak izan arren, guztiek dute batzen dituen ezaugarri bat: erabat praktikoak dira eta parte hartzen dutenek su artean zikindu, esperimentatu eta, batez ere, ongi pasatzeko aukera izanen dute. Horixe da asmoa, eguneroko bizimodurako edo momentu berezietarako gauza berriak eta erabilgarriak ikasiz gozatzea.

Aizegak erran bezala, udaberri-uda sukaldean disfrutatzeko sasoi ona da, onena beharbada, naturak produktu fresko-freskoak eskaintzen dizkigulako: baratzeek, zuhaitzek, itsasoak... Horregatik, garaiko osagaiekin lan eginen dute, antxoarekin errate baterako.

Sasoiko osagaiekin

Xarma jatetxeko sukaldariak batez ere sasoiko arrainekin prestatuko ditu errezetak eta bere sukaldean erabiltzen dituzten teknikak erakutsiko dizkie ikasleei. Jendeak teknika hauekiko beldurra galtzea eta egun berezietan etxean erabiltzea da Aizpea Oihanederren helburua. Arrainak garaiko barazkiekin nahasiko dituzte (horiek baitira Xarmakoen pasioa) dibertigarria eta alaia izatea nahi duten ikastaroan.

Jatetxe honetako sukaldari Xabi eta Aizpeak anitz eskertu zuten BCCkoen proposamena, normalean sukaldean sartuta egoten baitira eta handik atera eta jendearekin egiten dutena partekatzea hagitz aberasgarria delako eurentzat. «Lehendabiziko ikastaroa Sukalekun eman genuen eta handik etorri gara BCCra. Guretzat ikasteko era ikaragarria da jendearen galderak entzutea eta eurekin partekatzea. Sukaldari bezala hazten laguntzen digu», adierazi zuen Oihanederrek.

BCCko zuzendariak ea berriro zaleentzako ikastaro bat ematera animatuko al zen galdetu zionean, Mirador de Uliako Ruben Trincadok ez zuen zalantzarik egin. «Ezin hobeki pasatzen dut! Jende pila bat ikusten duzu sekulako intentzioarekin, eskuak zikinduta tipula txikitzen... Gozatzen. Eta hori zoragarria da», agertu zuen. Jendea animatu nahi izan zuen kurtsoetara, egunero erabiltzeko probetxuzko gauzak ikasiko dituelako. «Sekretuak azaltzera gatoz, ahal dugun dena kontatzera».

Leku guztiak bete arte, nahi duten guztiek izena ematen ahalko dute apiriletik uztailera eginen diren ikastaro hauetan (www.bculinary.com/club-en). 14-18 laguneko taldeak osatzea da asmoa, eta horiekin egun bateko kurtsoak, monografikoak, luzeak zein tailerrak egitea. Lehendabiziko aldiz, gaztelaniaz gain, euskaraz eta ingelesez ere emanen dituzte ikastaldiak, 45 eta 200 euro arteko prezioan, iraupena kontuan hartuta.

CHEF ADITUAK

Adituekin eskuz esku ariko dira zaleak: Ruben Trincadorekin tradizioa gaurkotzen; Aizpea Oihanederrekin udaberri-udako menu dibertigarriak prestatzen; eta Ivan Ferreyrarekin sushi fusioa egiten.

OPARIAK

Orain arte antolatu dituzten ikastaroetan «esperientzia zoragarria» izan dute, ikasleek produktuetan sakondu, gauza berriak ikasi eta primeran pasatu dute. Anitzi lagun edo senideek oparitu diete ikastaroetan parte hartzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo