GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabier Soto, Igor Nabarro Alternatibako kideak

Euskal Herriaren etorkizun hurbila eraikitzen

Greba orokor arrakastatsuaren egunean euskal sindikatuek azpimarratzen zuten moduan, Euskal Herri ezberdin bat, kapitalismoaren aurkakoa, behetik eta ezkerretik eraikia

Beste urte batez Aberri Eguna ospatzera goaz. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko gizon eta emakume askorentzat balio sinboliko eta emozional sendoa duen eguna. Egia da guztientzat ez dela horrela, eta dudarik gabe, hau jorratzeke dugun ikasgai bat da, Alternatibak bezala, gure herriarekin, bere eskubideekin eta nola ez, bere herritarrekin begirunezko erreferentzia kolektibo barneratzaileak eraikitzeko helburua dugunontzat.

Baina Aberri Egun hau ezin daiteke aurrekoak bezala kontuan hartu. Aurten, Donibane Garazin egingo den ekitaldirako, burujabetzaren eta ezkerreko independentziaren inguruko 5 indar politikok, deialdi bateratua egin dugu. Bertan, Aberri Eguna dela eta, Euskal Herriak nazio izateko duen nahia omentzeaz gain, batez ere garai berri baten hasiera plazaratuko da; burujabetzaren eta independentziaren aldeko indar ezkertiarren metaketa ardatz izanik, herri hau eraikitzeko eta egunero euskaldunok jasan beharreko dominazio sistema anitzei erantzuteko gai izango dena.

Bateratzeko ahalegin honek, zalantzarik gabe, printzipioei uko egin gabeko eraginkortasuna adierazten du. Guztion artean subjektu politikoa indartzeko modu bat da, bere ezaugarri nagusietako bat ere kendu gabe: Burujabetza, autodeterminazioa, lurraldetasuna, eredu ekonomiko eta sozial berria, Ama Lurraren errespetuan oinarrituko den eta antzinatik harreman sozialak menderatu dituen patriarkatua alde batera utziko duen Euskal Herri bat.

Donibane Garaziko Aberri Egunean lehen aldiz ikusiko den indar metaketa, gure ikuspuntutik, Alternatibako gizon eta emakumeon ustez, aldaketa politikoa lortu eta sistema kapitalista gainditu dezakeen tresna bakarra da, gero eta euskal herritar gehiagok itxaroten eta desiratzen dutena.

Horregatik aurtengoa, iraganera soilik begiratuko ez duen Aberri Egun bat izan behar dela adieraztera ausartzen gara. Nostalgiaz betetako data sinboliko bat, Euskal Herri berri baten abiapuntu bihurtzeko unea iritsi da, hasieran aipatutako dominazio sistema anitzetatik aske izango dena.

Euskal Herri libre eta sozialista bat, halabeharrez errealitateari aurre egin behar izango diona, kasu batzuetan paralisiak eta beste batzuetan mendekotasunak markatutakoa. Jakin badakigu beraz, zeintzuk diren aurka dauzkagun zailtasunak. Estatu espainol eta frantsesetako gobernu zentraletatik, EAE eta Nafarroako gobernuen laguntzarekin, mantentzen den blokeoa sustatzen duten zailtasunak, gure herrian bake justua eta iraunkorra mantentzeko xedea duen bake prozesu eta konponbide demokratiko baten hasieraren aurrean.

Izan ere, ezin dugu ahaztu aipatutako gobernuek espetxe-politikaren aldaketaren alorrean erakusten duten egoskor- keria, Parot doktrina indarrean mantenduz, gaixo sendaezinen askapena ezeztatuz edo Bateragune prozesuaren ondorioz zigortutakoak espetxean mantenduz. Jokabide bera mantentzen jarraitzen dute, «dena ETA da» eta «ETAren aurka edozerk balio du», errealitateak iraganeko eskema hori bertan behera utzi ez balu bezala. Aurreko Aberri Egunetik gauza asko aldatu dira alor honetan, ETAk borroka armatua behin betiko utzi izana barne, baina haiek gero eta jende gutxiagok ulertzen dituen iraganeko jokamoldeetara harpidetuta diraute.

Bestetik, ez dugu ahaztu nahi Aberri Egun hau krisi sakonak markatuta datorrela, edo iruzurrak markatuta, nahiago bezala. Sinestarazi nahi digutenaren aurka, hau ez da soilik finantzen krisia. Borroka garaia da, argi eta garbi, guda ideologiko baten garaia, merkatuen eta kapitalaren gosea asetzeko esklabo bihurtu nahi gaituztenen eta beste Euskal Herri bat eta beste eredu ekonomiko bat posiblea eta berebizikoa dela defendatzen dugunon artekoa.

Berebizikoa da bizitzaren jasangarritasuna bermatzeko. Euskal Herriko hiritar guztiontzat duina izango den bizitzarena. Posiblea den sistema bakartzat jotzen den kapitalismo- aren jasangarritasunetik aldenduko dena eta antzinatik gizakion harremanak menderatu dituen patriarkatuari, planetaren mugei so egiten ez dien garapen bortitzari, gure kultura aberastasuna zapuzten duen kultura asimilazioari eta gure beharretatik haratago kontsumitzera behartzen gaituen sistemari aurre egingo diona, kontsumismoa gaindituko duen errealitate berri baterantz abiatuz. Gizartea eta ekonomia antolatzeko era berri bat, guztion ongizatea banakoaren gainetik lehenetsiko duena, gauza guztien erdigunean pertsonak jartzen dituena eta ez boterea dutenen beharrizanen sua elikatzen duen egurra.

Azken finean, duela egun batzuk Hego Euskal Herrian eginiko greba orokor arrakastatsuaren egunean euskal sindikatuek azpimarratzen zuten moduan, Euskal Herri ezberdin bat, kapitalismoaren aurkakoa, behetik eta ezkerretik eraikia.

Eta azpimarratutako bi faktoreekin batera, sistemaren krisia eta bake-prozesuaren zein konponbide demokratikoen blokeoa alegia, Alternatibatik hirugarren bat aipatu nahi dugu. Demokrazia prekario honen zilegitasun galera, hain zuzen ere.

Demokrazia hau, hauteskundeetara aurkeztu ere egiten ez diren eta aldi berean gure xedeak zehazten dizkiguten botereen zerbitzura dagoen tresna moduan ikusten da gero eta gehiago. Hiritarrak erabaki-hartze kolektiboaren kudeaketan parte hartzea lortu ezin duen edo nahi ez duen demokrazia bat da. Eta agortutako demokrazia honen aurrean bestelako demokrazia bat, zuzena, parte-hartzailea eta erradikala eraikitzen hasi behar dugu. Pertsona oro hausnartzeko zein erabakiak hartzeko prozesu guztietan modu aktiboan barneratuko dituen sistema.

Egun indarrean dauden errealitate gordin horiei aurre egiteko gai bagara, Euskal Herri sozialista, feminista eta ekologista berri baten oinarriak eraikitzeaz gain, Bolivia, Kuba edo Venezuela bezalako beste herri eta nazioen norabide berean bultzatzen egongo gara. Izan ere, ikuspuntu internazionalista batetik, ez ditugu ahaztu behar, ezta Aberri Eguna bezalako data batean ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo