Harremanak sareko kontsumo estiloa
Krisi garaian irudimena garatu beharra izaten da. Ezinbestekoa da, adibidez, negozioa aurrera atera nahi bada. Formula berriak asmatu, bezeroen poltsikora egokitzeko; izan ere, norberak egiten ez badu albokoak egingo baitu. Euskal Herrian tabernari askok, hain zuzen, filosofia horri heldu diote. Pintxo-potea du izena.
Oihane LARRETXEA
Emazkidazu mesedez hiru garagardo, bi ardo eta sagardo bat. Jateko, pintxo bana. Zenbat da?». «Sei euro». Sei pote eta sei mokadutxo, sei euroren truke. Pintxo bakarrak euro eta erditik gora balio duen garaiotan, Euskal Herrian asko dira astean behin prezioak merkatu eta euro baten truke edatekoa eta jatekoa eskaintzen dutenak. Pintxo-potea da, eta formulak dagoeneko milaka jarraitzaile ditu. Ekimena Arrasaten sortu zen orain dela bi urte, eta geroztik pixkanaka beste herri eta hirietara zabaldu da, tabernariek ekimen honetan ikusi baitute krisiak eragindako kalteei aurre egiteko irtenbideetako bat. Irabaziak eskuratzea baino -hau ere kontuan hartzekoa izan arren-, are garrantzitsuagoa da bezeroak tabernara erakartzea, hau da, jendeak lokal hori eta ez bestea hautatzea lagunartean tarte atsegin bat igarotzeko.
Osteguna da, 20.30 inguru. Askok lana amaituta, edo egunean ikasi beharrekoak ikasita, Donostiako Easo plazara hurbildu dira. «Jakina, gaur pintxo-pote eguna baita!», dio Iratik, oraindik horretaz ohartu ez denari dei egingo balio bezala. Plaza jendez gainezka dago, baita La Bodeguilla tabernaren kanpoaldea ere. Iratik eta bere kuadrillak bezala, beste ehunka lagunek plan hori bera hautatu dute.
«Zerbait txundigarria egin behar genuela esaten zidan lagun batek», hasi da plaza berean dagoen Abadia tabernako Iosu Urrexolak. «Bartzelonako lagun hark zioen -jarraitzen du-, zailena bezeroak kalea eta tabernaren artean dagoen marra ikusezina gurutzatu dezan lortzea dela. Baina zer egin hori lortzeko?». Taberna bitxia da Abadia: barrualdeko pareta guztiak liburuz beteta daude, eta nahi duen orok ale bat har dezake, etxean irakurtzeko. Bat hartzean, beste bat utzi behar da, eta hori irakurritakoan berreskuratuko du bere liburua.
Uztailean bi urte beteko dira tabernari honek pintxo-potea lehen aldiz martxan jarri zuenetik. Hain zuzen, hiriburuan lehenengoa izan zen, Arrasatekoa eredu hartuta. Lokalean eta kanpoaldean dagoen jendetzagatik begi-bistakoa da marra ikusezina gurutzatzeko formulak emaitzak eman dituela. Arrakastaz jabetuta, pixkanaka gero eta tabernari gehiago animatu dira eta herrietako zerrenda zehatza egitea ezinezkoa da dagoeneko.
Eason, 19.00etatik 22.00etara egiten dute pintxo-potea, ostegunetan. Egun berean egiten dute Intxaurrondon -19.00tik 21.00era- eta Grosen. Azken honetan Ipotx taberna da parte hartzen duenetako bat, baina euro baten truke izan beharrean bi euroren truke egiten dute. Prezio desberdintasun hori aukera zabalak justifikatzen du. Edateko, garagardoa, sagardoa, urteko beltza, ardo txuria, gorri nafarra, ura, muztioa... eta jateko lauzpabost pintxoren artean aukeratu dezake bezeroak: kroketa, txibiak, gazta bola edo ogitarteko txikiak (urdaiazpikoa, hegaluzea maionesarekin edota patata tortilla). Ostegunero 200 prestatzen ditu Maribel Marcos sukaldariak, eta astero 15 eta 20 ordu artean ematen ditu pintxo-potean jaten diren kroketak prestatzeko bexamela egiten.
Berak eta Jon Aizpuru senarrak irailean ekin zioten ekimen honi, egitekoa asteburuetan soilik ez pilatzeko. «Osteguna egunik tristeena zen eta hori konpontzeko asmotan hasi ginen... baita konpondu ere!», dio Aizpuruk.
Urrexolak, bestalde, euroa sinbolikoa dela uste du eta horregatik garrantzitsua deritzo horri eustea. «Uste dut lortu dugula jendeak gogoan izatea: `E! osteguna da, pintxo-pote eguna!'». Hain zuzen, salneurriak irabazi handirik ez duela ematen dio, baina jendea erakartzeko balio duela. «Astero jende berbera etortzen da, baina jende horrek jende berria dakar eta pixkanaka bezero kopurua handitu egiten da». Gainera, pintxoaz aparte askok errazioak eskatzen dituztela dio, bertan egiten dutela afari-merienda moduko bat eta horrek irabaziak ematen dizkiola. Anekdota gisa kontatu du lehen aldiz bere tabernara sartzen direnak erraz identifikatzen dituztela, horiek paretetako liburuak jakin-minez begiratzen baitituzte.
Lagunak ikusteko aitzakia
Aitor izeneko gazteak kazetariaren galderak erantzun nahi dituela dio. Bergararra da, eta bi herrietako pintxo-poteak alderatzeko irrikitan dago. Ekimenaren zale amorratua da, eta hortaz, ondo daki zertaz ari den. «Bergaran 1,50 euro balio du, baina denborarekin hobetuz joan da eta edari bat baino gehiagoren artean hautatu daiteke. Pintxoei dagokienez -jarraitu du-, nire ustez, alderik ez dago. Han onddo-nahaskia edo bakailao konfitatua ematen dute. Bestalde, hemengo taberna batzuetan bakarra ateratzen dute eta elaborazioa hobetu daiteke».
Donostiako pintxo ospetsuen aurka dardo mikatz hori bota ostean, Bergarako pintxo-potearen maila goraipatu du berriro. «Tabernetako sukaldeek hartu duten maila ikusita, ez nintzateke batere harrituko pintxo-potearen baitan pintxo lehiaketa antolatuko balute -dio-. Gogoratu orain esandako hau».
Alboan du Gorka, egiatarra. Bere auzoan ostiraletan egiten dute eta horretara ere joaten da, baina nahiago du Amara Zaharrera jaitsi. «Bestela beti nire auzoan egongo nintzateke», dio. Eason gainera kuadrillakoak ez diren ezagun eta lagunekin topo egiten du, plaza dagoeneko topaleku bilakatu baita. Honetaz badaki Urrexolak. Bere ustez, Easo plaza lehen igarotzeko lekua zen bitartean, tren geltokia bertan dagoelako, gaur egun gelditzeko lekua ere bada.
Vanesak ere hala uste du. «Ni astero etortzen naiz, hutsik egin gabe. Lagunak ikusi, agurtu eta hala sortzen bada, ordu txikietara arte luzatzen dugu saioa», dio Groseko bizilagun honek. Bere auzoaz galdetuta, hain zuzen Ipotx taberna azpimarratu du. «Bi euro dira, baina merezi du: betiko pintxoak prestatzen dituzte, eta mordoa daude aukeratzeko. Probatu al dituzu bertako kroketak? Mundialak dira!», dio.
Gazteak aipatu ditugu, baina hitzordu honetan helduak ere badaude. Hiru emakume mahaiaren inguruan daude. Edalontziek ardoaren arrasto txikia dute, eta platera, dagoeneko hutsik. «Lehen aldiz etorri gara, nire semeak menpekotasuna baitu pintxo-potearekin. Berari entzundakoengatik etorri gara», azaldu du Pilarrek.
Alboan ditu Ana laguna eta Heidi, pilateseko irakaslea. «Heidiri esaten genion bezala, ariketak eta abdominalak egiteari uzteko garaia da, eta trago batzuk hartzera etortzeko unea», esan du Anak umoretsu.
Ekimen hau lagungarria da, ezbairik gabe, parte hartzen duten tabernarientzat. Baina zer eragin du ingurukoetan? La Bodeguillako Iurgi Goñiren iritziz, besteentzako bultzada ere bada, bezeroak batetik bestera ibiltzen direlako eta aurreneko tragoak pintxo-potea dutenetan hartu arren, jendea beste lokaletan ere sartzen delako. Urrexolak ere hala uste du. «Inguruko tabernari batek hain zuzen, lehen ostegunetan egiten zuen asteko atsedena, orain, ordea, ostiraletan», dio.
Euro batean, bitan edo betiko prezioan izan, Aitorrek filosofia propioa du eta hain zuzen norabide horretan sortu zen pintxo-potea. «Krisiak poltsikoak estutu ditu, baina ezin gara etxean gelditu. Irtenbidea ateratzen garen aldiro gutxiago gastatzea da, baina garrantzitsuena jendartean egotea da».
La cafetería de San Telmo, gestionada por el grupo Bokado, elabora cada semana un nuevo pintxo que ofrece los jueves gratuitamente. «Cada semana elegimos un producto estrella y con este ingrediente experimentamos hasta lograr lo que buscamos», explica el cocinero jefe, Paul Arrillaga.
A lo largo de la semana se trabaja un producto que da como resultado el pintxo que el grupo de cocineros ofrece cada jueves de 20.00 a 22.00. «Repartimos los pintxos con la bebida que pide el cliente para que los prueben», dice Arrillaga. Ofrecen una tarjeta junto con el pintxo para que el cliente dé su opinión. «Si vemos que la degustación tiene éxito, validamos el producto y lo añadimos a nuestra lista de creaciones», comenta. GARA