GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Pello ZABALA Eguraldian aditua

Zentzuak esnatzeko

Usaimenak ere badu gozaturik. Nola ez iratzarri gure zentzuak, udaberriaren lezioa   horretatixe eskaintzen bazaigu?    

Aurtengoa udaberriaren emana. Belaze eta pendizetan, baratze eta belardietan, zenbat tonu ote ditu aurtengo horien eta horixken ekarriak? Lore tortotan batzuetan, banakatuak gehienetan, errepide bazterrak ere apaindu nahian iratzarri ditu aurtengo martxoak, San Jose osteko onaldi epel gozotan. Halaxe aurkitu ditu apirilaren lehenak, Erramu-igandez.
Eta zuriari erreparatuz gero, altuagoan ikusten ditugu tximeleten jiteko zuhaitz eta zuhaixkak. Aran eta okaran, basaran eta basokaran, txermen eta udare, adar luze apain ziriluze berdinduetan ematen zaizkigu begien gozamenetan.

Baita gorrixka eta pinttarrari ere: sagarrondoak lore botoiak leherzorian dituzte, barruan xuri, aldamenetan gorri. Muxurkondo eta almendrondoak, berriz, arroxa bitxi goxoarekin loraxixtorrak margo soltetan pinpilinpaux.

Eta ez soilik begientzat: usaimenak ere badu gozaturik... Nola ez iratzarri gure zentzuak, udaberriaren lezioa horretatixe eskaintzen bazaigu? Tentel galantak gu, naturari gertuxeagotik jarraitzeko atrebentzia baztertzen badiogu.

Berdeak berak ere, ahuletik gordinagoetara, zeharrargitik ilunagora, egunetik egunera aldatzen duela bere jantziaren tonuen aberastasuna, hala esango nuke. Alpapa mordo zutikatuek, belazeetako torto mardul ilunkaretan, metro erdiko landare lerdenetan, txorten puntan lorea noiz agertuko daude. Azken euri apurrak azken luxatua emango zien bide ziurrenetik.

Eskerrak, argiak eta eguzki dotoreak, sikiera, berenari eusten dioten! Horiek fijoak eta finkagarriak ditugu nonbait! Ezen geure ohitura eta usadioak askoz aldakorragoak eta motxagoak direna ohartzen gara: garagarrila genuen amaituberria dugun sanjoanetako eguzkigainaren hilabetea. Galdu zen garagarra, baita izena ere. Ekainera itzuli gara. Hurrengo aldabeharrekoa uztailarena izango ahal da? Uzta galdu zen, ezta? Larraña, larrañeta, larraingain, larrañaga eta beste hainbat izen eta izanak… hor daude bai, mugarri tente gisara; baina esplikazio eta adierazpen eman behar, zer eta zertarako zirena azaltzeko. Uzta bakarra ez ote zaigu bada, belar ondu, sikatu eta ihartu beharrarena gelditu? Eta belaze askotan, pendizetakoetan batik bat, ezta belar uztarik ere… kardulatz emankor loratsu temosoaren ‘uzta’ trixtea bota eta erre beharrarena besterik ez! Hau da bialekua, hau! Nola aldatu diren/ditugun bazterrak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo