Euskal gazteek bidelagun bikainak dituzte
Aberri Egunaren bezperako jai egunak gorriz markatuta izaten ditu Euskal Herriko gazte mugimenduak, urtero-urtero milaka gazte biltzen dituzten ekimenak antolatu ohi baititu egun hauetan, gazteriaren beraren indar eta konpromisoaren erakusle izaten direnak, eta, gainera, Pirinioen bi aldeetan bizirik dagoen herri bat badagoela adierazteko balio dutenak. Gurean bezala, kanpoan ere sona handiko hitzorduak izaten dira hauek guztiak, eta, aurten, Saran abiatuko den Gazte Martxak izango du bihotz gazte asko ilusioz betetzeko erronka. 2012a, urte berezia da herri honentzat, Nafarroaren inbasioaren 500. urteurrena betetzen baita, eta zita berezi honetan euskal gazteek bidelagun bikainak izango dituzte. Izan ere, Eskoziako, Irlandako eta Herrialde Katalanetako ordezkaritza bat gurean da, Gazte Martxan eta honen karietara antolatutako egitarau zabalean parte hartzeko, betiere herrialde horiek eta Euskal Herria lotzen dituen adiskidetasun harremana oinarri hartuta.
Euskal gazteriak badaki zer den elkartasuna, eman eta jaso duelako, eta jakin badakielako gu itotzen gaituzten kate berberek itotzen dituztela munduko herri asko eta asko. Gaur abiatuko den martxak helburu horixe du, behingoz kate horiek apurtzeko Euskal Herriak hasi duen bidean sakontzea, pauso berriak ematea. Eta bide horretan ez dira bakarrik egongo.