GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

European Challenge

Iritsi zaio Biarritzi zaleak alaitzen hasteko garaia

Zuri-gorriek Ingalaterran jokatuko dute bihar, 14.30etatik aurrera, London Waps taldearen aurka.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek London Wapsen aurka jokatuko du bihar, 13.30etik aurrera ingelesen zelaian, European Challengeko final-laurdena. Heineken Kopan final-laurdenak jokatzeko txartela lortu ezinik geratu ostean, hemen izango du zaleei poza emateko aukera, nahiz eta norgehiagoka zaila izango duen.

Zuri-gorrientzat denboraldiko unerik gozoena da. Oso gaizki pasatu ostean, badirudi argia ikusi dutela eta gora datozela. Ligan jaitsierako postuak atzean utzi eta indartsu datoz, eta hauxe izan daiteke gauza politak egiteko unea. Hasierako helburuak beste batzuk ziren, baina gauzak joan diren bezala joanda, mailari eutsi eta Amlin Challengen zerbait handia eginda, denboraldia dezente txukunduko lukete. Partida hau, gainera, derbia baino aste bat lehenago dator eta Ingalaterratik garaipen batekin etortzeak indar handia emango lieke biarriztarrei.

Derbia

Ohorezko Mailan ere gauzak pil-pilean daude. Oso gutxi geratzen da lehen fasea amaitzeko, eta bihar derbia jokatuko dute Faduran Getxo Arteak eta Bizkaia Gernikak, arratsaldeko bostetan hasita.

Joan den astean garaipen handia lortu zuen Getxok eta indartsu dator derbira, Ligako amaierako kanporaketak jokatzeko gogoz. Taldea oso ongi dago, denboraldi bikaina egiten ari da, eta hemendik aurrera datorren guztia opari bat izango da beraientzat, gutxik uste baitzuten garai honetan dauden lekuan egongo zirenik. Horrelaxe daude, ordea, eta orain ez dute aukera alferrik galtzen utzi nahi. Gernika ere gogoz etorriko da Getxora joan den astean galdu ostean, eta norgehiagoka erakargarri bezain dotorea espero da. Zaleek ere erantzun polita emango dute eta giro bikaina izango da Faduran.

Ampo Ordizia ere bikain dator Quesos Entrepinaresen aurka jokatzeko. Neurketa etzi jokatuko da Altamiran, 12.00etan. Gipuzkoarrek lan bikaina egin zuten aurreko astean La Vilaren zelaian; garaipen handi bezain erosoa lortu zuten, eta aurtengoan Liga irabazteko hautagai sendoenetakoa dela erakutsi zuen talde ordiziarrak. Gainera, Ampo beti oso indartsua izan da Altamiran. Kanpotik etorritako taldeek oso zaila izaten dute han zerbait lortzea, eta zaleen babesarekin Axio Arañak zuzentzen dituen mutilek ez dute hutsik egin nahi. Aurten, Liga eta Kopa Ordiziara etorriko direla diotenak bat baino gehiago dira, baina gauzak pausoz pauso egin behar dira, eta hasteko, etzi garaipena lortu behar dute Valladolidekoen aurka.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo