Finalerdiak jokatzeko txartela izango dute jokoan Arrangoitzen
J.L.
Finalerdiak jokatzeko txartela egongo da jokoan bihar Arrangoitzeko norgehiagokan. Jaialdia arratsaldeko lauretan hasiko da, baina Berezkoen Binakakoko partida azkenekoa izango da.
Alfaro eta Etxeto Lanberten eta Kurutxariren aurka neurtuko dira. Partida honetan ez dago faborito garbirik. Bi atzelariek markatu beharko lukete diferentzia. Bi bikoen asmoa atzelariei jokatzen ez uztea eta aurrelariei lana ematea da, baina zaila da biek asmatzea. Alfarok eta Etxetok itxura hobea eman dute lehen fasean. Behetik gora etorri dira, eta dirua alde izango dute.
Lanbertek eta Etxetok, berriz, denetik egin dute. Partida oso ona ere bai, txarra ere bai, eta amaitu gabe ere geratu ziren, Ezkurrak min hartu zuenean. Gaur ez dute beste aukerarik izango, eta okerren aritzen direnek etxerako bidea hartu beharko dute. Irabazten dutenek finalerdietan Ibarrolaren eta Harizmendiren aurka jokatuko dute.
Partida honen aurretik amateurren Buruz Buruko bi kanporaketa jokatuko dira. Hegiabehere Lamuren aurka arituko da lehenengoan, eta Benese Amuleten aurka, bigarren norgehiagokan.