Aizkora Urrezko lehiaketa
Hamaika aizkolarietatik bi izango dira aurrera egiteko aukera izango dutenak
J.L.
Buruz Buruko Urrezko Aizkorako bigarren kanporaketa jokatuko da etzi Urrestillako pilotalekuan, 12.30etik aurrera. Lehen jardunaldian bezalaxe, oraingoan ere hamaika izango dira lehian, eta horietatik bi onenek lortuko dute hurrengo kanporaketan aritzeko txartela.
Larrañaga, Alkizalete II.a, Agirre, Irazu, Eneko Otaño, Elorriaga, Eraso, Vazquez, Vicente II.a, Kintana eta Rodriguez II.a lehiatuko dira. Hiru multzo egingo dituzte; bakoitzetik bi sailkatuko dira, gero beraien artean kanporatzen joateko, eta amaieran geratzen diren bi aizkolariek lortuko dute aurrera egitea.
Proba azkarrak izango dira, oso lan laburrak izango direlako, eta horrelakoetan edonor sailkatu daiteke. Irazu eta Larrañaga izan daitezke irabazteko faboritoak. Urtean zehar bi aizkolariek sasoi bikaina erakutsi dute, eta ez dute aukera alferrik galtzen utzi nahiko.
Bi horiez gain, badira aizkolari biziak ere, eta horrelakoentzat ere lan aproposa izaten da. Hor kontuz ibili beharko dute Rodriguez II.arekin. Segoviarra bizi-bizia da, eta min handia egin dezake, kolpea ere handia du, eta enbor hauek oso azkar pasatzen ditu.
Datu bitxirik ere egongo da; izan ere, Elorriagarengandik Vicente II.arengana, hau da, lehian arituko den zaharrenetik gazteenera, urteetan aldi handia egongo da. Bata goi mailan urte askoan ibili eta urteetan aurrera doana da; bestea, berriz, mutiko bat besterik ez da oraindik, baina Otsagabikoarentzat oso garrantzitsua izango da ikasi eta eskarmentua hartzeko.