GARA > Idatzia > Ekonomia

Mila bazkide baino gehiago lortu ditu MerkaOn kontsumo elkarteak

Plaza handi bat sortzea da MerkaOn kontsumo elkartearen helburua, eta dagoeneko eman ditu urratsak, hiru hilabetetan mila bazkide baino gehiago batu baititu. Deskontu eta eskaintza berezien bitartez, denda txikiak eta kontsumoa bultzatzea dauka helburutzat.

p027_f01_7172.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

MerkaOn, Gipuzkoako dendari eta kontsumitzaileen elkarteak bere marka hautsi du sortu eta hiru hilabete eskasera. Izan ere, mila komertzioen muga gainditu du eta dagoeneko 1.001 dira elkarteak biltzen dituen saltoki eta zerbitzuak. Horrela, Gipuzkoako komunitate handiena bihurtu da MerkaOn, komertzioetatik harago, 8.000 kontsumitzaile baino gehiago hartzen baititu bere baitan.

Imanol Gallego elkarteko komunikazio arduradunak azaldutakoaren arabera, helburu bikoitzarekin jaio zen MerkaOn. Batetik, herrietan merkataritza elkarteak bazeudela ikusita, Gipuzkoa osoa bere baitan hartuko zuen komunitatea sortu nahi zuten.

Bestalde, krisia dela eta, kontsumoa sustatzea ezinbestekotzat jo zuten. «Diruari etekina atera behar zaio, hau da, daukazun diru apurrarekin gehiago edo hobeto gastatzea», dio Gallegok. Ildo horretan, deskontu eta eskaintza bereziak izaten dira MerkaOnen kide diren komertzio eta zerbitzuetan.

«Plaza handi bat»

Ohiko komertzioez gain, MerkaOnek beste hainbat zerbitzu biltzen ditu: ile-apaintzaile, igeltsero, abokatuak eta beste. Gallegoren esanetan, azken finean, kontsumitzaileek zerbitzu horiek ere beharrezko izaten dituzte eta positiboa da deskontuak eremu horietara ere eramatea.

«Plaza handi bat da Merkaon», azaldu du Gallegok. Izan ere, komertzioen aukera zabala dago bertan eta, era berean, eremu zabala hartzen du. Zentzu horretan, Gipuzkoatik kanpo ere, zenbait dendari hurbildu izan zaizkiela adierazi du; adibidez, Ondarroatik eta Elorriotik, hain zuzen Gipuzkoarekin mugan dauden herrietatik.

Ildo horretan, mugikortasuna da MerkaOnen beste oinarrietako bat, mugitzeari beldurra kentzea. Horretarako bidaiei probetxua ateratzeko moduak proposatzen ditu deskontuen bidez. Gallegok azaldu duenez kontsumitzaile batek produktu zehatz bat kontsumitu nahi badu eta horretarako kotxea hartu behar badu, posible da azkenean atzera botatzea. Ostera, jatetxe batean bazkaltzeko edota zinemara joateko deskontuak eskaintzen bazaizkio, bidaiatzearen aukera erakargarriagoa suertatuko zaio.

Finean, aisialdia ere bultzatu nahi dute ekimen honen bitartez, jendea erostera eta aisialdiaz gozatzera mugitu dadin.

TEKNOLOGIA BERRIAK

Gallegoren arabera, merkatari txiki asko ez daude ohituta teknologia berriak erabiltzera, horregatik merkatariak teknologien erabileran trebatzea da MerkaOen helburuetako bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo