MERTXE NABARIDAS | LABeko afiliatua
Arabako gaueko Batxilergoa dela-eta
Arabako Hezkuntza Ordezkaritzak Gasteizko Francisco de Vitoria BHIn zegoen Batxilergoko gaueko eskaintza erauzi egin duela jakin izan dugu. Egoera honetan zalantza giroa zabaldu da ikas-komunitate osoan, ikasle zein irakasle izan. Zergatik horrela? Zergatik orain? Izan ere, 10/11 ikasturtean Batxilergoaren eguneko eskaintza deuseztatu egin zen zentroan, gaueko eskaintza berriz, mantendu zelarik.
Egun, Batxilergoaren 1. mailan matrikula handitu delarik, ikasle berri zein 2. eta 3. mailakoei Federico Baraibarrera ezinbestean joan beharko direla esan die Lurralde Ordezkaritzak, ikasketak amaitu ahal izateko. Hau da, hiriaren punta batetik bestera mugiaraziko ditu gaueko Batxilergoko ikasleak.
Harritzekoa da eskaintza tokiz aldatzeko hartu duten bidea; zergatik ez dute matrikula ikasmailaka itxi, 1. kurtsoko sarrerak zentro berrira bideratuz? Hau da modua matrikulatuta dauden ikasleengan kalterik ez eragiteko. Horrelako adibideak badaude, baita hurbilak ere.
Erabakiak zuzenak izanda ere, erabaki horiek gauzatzeko formak ere garrantzitsuak dira. Gure ustez, Osasungintza zein Gizarte Zerbitzuen Lanbide Hezi- ketako eskaintza indartzeko hautua zilegi bada ere, hautu horretan, Ordezkaritzak irakasle eta ikasleen kidetasuna bilatu beharko luke. Erabakia bideratu duen moduak, berriz, komunitatea aztoratu baino ez du egin.
Beraz, gutxieneko eskaintza bermatzen ari da? Batxilergoan behintzat, gaueko presentziazko eskaintzan, A eredukoa baino ez dago. D ereduko eskaintza zabaldu da inoiz? Gutxieneko taldea bete ez bazen garai batean, eskaintza zabalduko da berriro? Noiz? Gutxieneko taldeaz hitz egitean gogoratu dezagun A ereduan zortzi ikasleekin mantentzen direla ikastaldeak, nahiz eta ez izan eskaintza hori mantentzen duen zentro bakarra. Gaur egun Arabako ikasleen %40k Batxilergoa euskaraz ikasten du, zertan gauzatzen da proportzio hori gaueko eskaintzan?