BITTOR ABARZUZA | Euskaltzalea
Euskaraz bizi eta utzi animaliak bizirik eta bakean
Dakigun bezala, Euskal Herria kontraesan lurraldea ere bada gure lurra eraikitzen dutenen artean. Hori gertatzen zaio jende askori sanferminetan. «Bai, ez dut batere gustuko zezenketa, baina izugarri ongi pasatzen dut zezen-plazan». Halako komentarioak bolo-bolo, poliki baina irmoki, jarrera asko aldatzen ari da Iruñean, are zezen-plaza zale «ekologista horien» artean ere.
Aurten, Alfabetatze Euskalduntze Erakundearen partetik, albiste pozgarria dugu halako zaletasun odoltsua ez dugun bestelako ekologistok. Urtero bezala, AEK-k «jaiak musu truk!» delako kanpaina abian jarri du, eta lehengo kanpainetan ez bezala, aurten zezenketarako abonamendua kendu dute sari moduan. Beharbada, gure kulturaren alorrean landatzen dutenek azkenik ulertu dute animaliak torturatzea guztiz urrun dagoela edozein arte ederretatik, baita labar-artetik ere.
Mila esker animalien duintasuna defenditzeagatik, hala izan bada. Orain bai, harro esan dezakegu Ama Lurra zain dezagun. Izugarri pasatzen segitzen duten horiei esan diezaiegun gehiago begiratzeko zezenari eta gutxiago toreroari. Arnasa hartu ezinean dagoen horren aurrean jartzeko ausardia behar al da? A!, eta horretaz ari garenez, sekulako sariak, aizue!: gosariak, bazkariak, afariak eta poteoak hainbat jatetxe eta tabernatan bederatzi egunetan, lau pertsonarentzako asteburu bat landetxe batean, pilota partiduetarako bi abonamendu, eta gainera, bi matrikula dohainik! Mundiala. Nik, behinik behin, boletoren bat hartuko dut euro «ekologiko» baten truke. Esker aunitz, AEK.