GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi | Kazetaria

Denbora falta

Gure etxean aspaldian sartu den asmakizunik hoberenetako bat bakar-bakarrik, gidatu gabe, lurra garbitzen duen gailua da. Kalera atera behar denean, botoia sakatu eta hor konpon. Nik ez dakit zein modutan aritzen den, zirrikituak garbitzen nola moldatzen den, baina etxera itzulitakoan garbi izaten da dena eta gailua bere txokoan, lanak amaituta. Orain artean gehiegi erabili gabe, bazkariko ontziak bere gisara garbitzen dituen gailuari ere gero eta estimu handiago hartzen ari naiz.

Gero eta gehiago dira beharrezko egiten zaizkigun gailuak eta handiagoa beharrezko ez zitzaizkigunak ezinbesteko izan ditzagun egiten duten esfortzua. Orain jo eta su kozinatzen duen makina ari naiz han eta hemen ikusten iragarki desberdinetan. Osagaiak sartu eta makinak berak asmatzen du haiek nahasten, egosten eta ia-ia platerean jartzen. Emaitza nolakoa den? Nik ez dut oraindik horrelakorik probatu, baina ona dela diote eta esfortzua, berriz, batere ez.

Denbora aurrezten laguntzen dute gailu guztiek, hori da behintzat haiek saltzeko egiten dituzten iragarkietan erabiltzen duten argudio nagusia. Gisa bereko gailurik apenas ezagutu duen emakume bati entzun nion, ordea, zenbat eta denbora aurrezten laguntzen diguten tramankulu gehiago izan eskura, orduan eta denbora gutxiago dugula, segituan bilatzen dugulako makinei esker lortutako denbora betetzeko modua.

Hain justu, denbora falta dela pertsonei gehien larritzen dien kontuetako bat irakurtzen nuen lehengoan eta hura antolatzeko gomendio mordoa zerrendatzen ziren. Atentzioa eman zidan zerrenda luzean erdi parean edo familiari, lagunei eta bikoteari denbora tarte bat gordetzeko aholkua luzatzen zuela. Tristea iruditu zitzaidan halakorik esan behar izatea ere, baina antza, robotak etxea pasatzen ematen duen denbora aurreztea ez da nahikoa izaten inori eskaini behar zaion arreta handitzeko, lan bat utzi eta bestea hartzen delako segidan. Korrika bizitzeak halako zirrara eragiten omen du eta horregatik gailuak asmatu eta asmatu aritzeko moduan dira asmatzaileak, harik eta denbora sortzen duen gailua asmatu arte edo eseri eta eginaren eginaz geuretzat zein gutxi egiten dugun ikasten dugun arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo