Mikel Ibarguren | Idazlea
Galdetzen dut
Garairik zailenetan ere gizakia bere premiak asetzen saiatzen da eta premia horietako bat zoriona lortzea da. Zoriona, ordea, edukitzearekin lotzen da eta edukitzeak konpultsiboki kontsumitzera garamatza. «Kontsumitzen dut, beraz banaiz», dio gure barruko Homo consumericus-ak. Erosteak estimulatu egiten gaitu, maila sozioekonomiko nahiz afektiboa ematen digu, ezinbestekoa da besteak baino gehiago edukitzea, garrantzitsuena edukitzea baita, ezen ez izatea. Produktuak erosi, erabili eta botatzen dituen indibiduoak baino ez zaizkio interesatzen sistema honi; ahalik eta eperik motzenean, ahalik eta gehien kontsumitzea. «Erostea festa da» edo «murrizketen aurrean, opariak» bezalako iragarkiek hori dute helburu. Erositako produktuak identitatea ematen digu (fier d'être basque); izan ere, denak du merkatu balioa, denak du bere euriborra.
Baina noiz arte iraun behar du morrontza honek? Noiz arte egon behar dugu Platonen leize-zuloan itzalei begira? Zoriontsu al gara, malgré tout? Oparotasunak dakarren materialtasunak ez al gaitu lotzen, askatu beharrean? Nor gara gu, zer gara gu? Noiz izan behar dugu herri bezala, pertsona gisa geure buruaren jabe? Geure eskubideen jabe? Etxebizitzarena ez al da eskubide bat? Produzitzeko eta kontsumitzeko bakarrik jaio ote gara? Gure klase kontzientzia ez al da kontsumismoaren uretan urtzen den azukre koxkorra? Ez al gara diruaren morroi bilakatu? Noiz arte jarraitu behar dugu gu ez garen jendeari zeharka begiratzen, gu ez garen bestea destatzen? Munduak ba al du preziorik? Lurra da gurea ala gu lurrarenak? Zenbat greba orokor eta borroka egun beharko dira honi buelta emateko? Jendea gorriak ikusten ari den honetan, onargarria al da politikari, bankari eta gobernukideen larderia? Zer da egoera honetan gazte eta (batez ere) emakume izatea? Zer da etorkizuna, ilusio optiko bat ez bada? Burujabe izan gabe izan al gaitezke independente? Eska dezagun ezinezkoa, pentsa dezagun pentsamendua, mundua berdin ikusten al da erdigunetik edo periferiatik? Zenbat balio du duintasunezko metro karratuak? Gilles Lipovetsky soziologoak dioen legez, hiper-kontsumismoaren aroan ez al gara hiper-indibidualista bihurtu? Teknologia berrien birtualtasunak ez al garamatza autismo sozial batera? Champions-aren ondoren ba ote bizitzarik? Ez al dugu kapitalismoa gauza guztien neurri bihurtu eta, beraz, gauza guztien arazo? Gero eta jasangaitzagoa den kapitalismo hau ez al da biolentzia? Zenbat langilek hil behar du oraindik? Zein dago hilda, ezkerra ala sozialismoa? Non da sozialdemokraziaren ongizate hura? Non herrien Europa? Ezagu- tuko ote dugu udaberri europarrik? Noiz entzungo dugu «Internazional» berri baten doinua? Elkartasunak ba al du preziorik?
Diotenez, arriskuaren jendartean bizi gara. Garapenaren nahiz zibilizazioaren izenean galera humano nahiz ekologikoak (Fukushima, eta abar) handitu baino ez dira egingo. Abiadura handiko jendarte honek norantz garamatzan ez dakigularik edo denbora ere lapurtu diguten honetan, lasterrago bizi behar honetan, zergatik ibili presaka, bizitza laburra bada? Zein itsaso- tan itotzen dira gure ametsak?