GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

«Futbola nire afizio izatetik ofizio izatera iritsi da, eta aldaketa handia izan da»

p036_f01_97x160.jpg

Beñat Aleman

Futbolaria

Beñat Aleman iruindarrarentzat pasa den denboraldian bihurtu zen futbola ofizio. Ordura arte afizioa besterik ez zen, baina futboletik bizitzeko aukera iritsi zitzaionean baiezkoa eman zuen, eta Tarragonara, Reus taldera, joan zen. Hasieran dezente kostatu omen zitzaion bizimodu berrira egokitzea, baina orain oso gustura dago, eta ez zaio damutzen erabaki hori hartu izana.

Jon LEUNDA

Beñat Aleman jokalari garrantzitsua da Reus taldean. Lehen urtea du Bigarren B Mailan, baina taldean minuturik gehien jokatu duen bigarren jokalaria da, hamaikakoetan ezinbestekoa. Egiten ari den denboraldia ere bikaina da.

Nolakoa ari da izaten zure ibilbidea Reusen?

Oso ona. Hasieran asko kostatu zitzaidan bizimodu berrira egokitzea. Ordura arte futbola afizioa besterik ez zen niretzat eta ofizio izatera pasatu zen. Gainera, etxetik kanpo, eta uste baino gehiago kostatu zitzaidan moldatzea, baina orain oso gustura nago, ez daukat hartutako erabakiarekin inongo damurik.

Pertsonalki, bi urteak nolakoak ari dira izaten?

Alde horretatik ere oso onak. Hasieran kostatu zitzaidan taldean sartzea, baina pasa den denboraldiaren erditik titularra naiz taldean, eta azken batean hori da futbolariok nahi duguna, jokatzea. Iaz, gainera, Bigarren B Mailara igotzea lortu genuen, eta aurten taldean minuturik gehien jokatu duen bigarren jokalaria naiz. Beraz, ez daukat kexatzeko arrazoirik.

Nolatan iritsi zitzaizun Reus taldera joateko aukera?

Bitartekari baten bidez. Lehen ere Hirugarren Mailan ari nintzen, San Juan taldean, baina gutako inor ez zen hortik bizi. Denok, lehenengo lana edo ikasi egiten genuen, eta futbola afizioa zen. Denboraldi oso ona egin nuen, eta erdilaria izan arren, zortzi gol egin nituen. Orduan bitartekari bat etorri zitzaidan, ea futboletik bizitzea probatu nahi nuen, eta baiezkoa eman nion. Reuseko entrenatzailea, Castillejo, nafarra da, berak ezagutzen zuen, eta bertara joateko eskaintza egin zidaten.

Aldaketa handia ezta?

Bai, ikaragarria. Hirugarren Mailatik Hirugarren Mailara joan nintzen, baina talde amateur batetik profesional batera, eta hor nabaritu nituen ezberdintasunik handienak. Reusek erabateko dedikazioa eskatzen dizu, ardurak ere handiagoak dira, eta ohitzea dezente kostatu zitzaidan, baina orain oso gustura nago, talde ederra da.

Hirugarren Mailatik Bigarren B Mailara aldaketa handia sentitu al duzu?

Uste baino txikiagoa. Pasa den denboraldian lortu genuen Bigarren B Mailara igotzea, eta uste baino alde txikiagoa nabaritu dut. Aldeak badaude, jokatzeko erritmoa handiagoa da, kalitatea ere gehiago nabaritzen da, baina ez da uste nuen bezain handia. Nik uste dut Hirugarren Mailan jokalari asko daudela Bigarren B Mailan jokatzeko modukoak.

Nolakoa da Reus futbolean aritzeko?

Taldeak ez dauka inongo aitzakiarik, ezta instalazioek ere. Jokatzen dugun estadioak 5.000 ikusle hartzen ditu, eta entrenatzeko ere leku onak ditugu. Zaleek, berriz, asko eskatzen dute. 1.500 inguru joaten dira partidetara, baina oso kritikoak dira. Gauzak ez badoaz ongi, oso azkar hasten dira jokalariak eta entrenatzailea estutzen.

Datorren urtean Nastic Tarragonaren aurka jokatzeko gogorik sumatzen al da?

Bai, handia. Nastic eta Reus ez dira askotan maila berean egoten eta aspaldian, gainera, egon gabe daude. Nastic Lehen Mailan ibili da, eta gu, berriz, Hirugarren Mailan. Datorren urtean hiriburuko taldea jaisten baldin bada, berriro ere derbia izango da, eta zaleak irrikaz daude. Hemen jendeak beraiek jaistea nahi du, datorren urtean derbia bizitzeko. Jokalariontzat ere polita izango da beraien aurkako neurketa jokatzea.

Kobratzerako garaian arazorik izan al duzue?

Ez. Taldea ekonomikoki ongi dago. Udalaren aldetik laguntza handia jasotzen du, eta alde horretatik ez dugu izan inongo arazorik. Esaten dute lehendik soldatak dezente jaitsi direla, baina gauzak dauden bezala, hori oso normala dela iruditzen zait. Taldea oso serioa da. Ni bertan oso gustura nago, eta Reusen jarraitzeko ere ez nuke inongo arazorik izango.

Etxeratzeko asmorik ez duzula ondorioztatu behar al dugu?

Bueno, ni hemen gustura nago, eta jarraituko nuke. Halere, etxera ere itzuliko nintzateke. Denek diote bigarren multzoa dela indartsuena, eta hor daude euskal taldeak, eta dudarik ez izan hura probatzeko gogoa ere badudala. Gero ikusi behar da ea eskaintzarik badudan, eta nolakoa den eskaintza hori. Diruaz gain, garrantzitsua da jakitea entrenatzaileak niri buruz zer pentsatzen duen. Jokalari batentzat garrantzitsuena jokatzea da, eta talde batera joaterako garaian entrenatzaileak ni bertara joatea nahi izatea, niretzat ezinbestekoa izango litzateke.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo