GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Fredi Paia Bertsolaria

Eskualdeak

Proiektu nazionalak, eskualdeetan oinarritu ezik, baliabide nazionalak dituzten mapak baino ez dira. Sustrairik gabeko enbor handiak. Eta loreak, adarretan daude

Gizakiak paisaia irakurtzen zekien sasoi bat izan zen. Ez dira urte ugari igaro. Baina gure bizitza abiaduran, edozein iragan urrunegia da. Sasoi hartan, gizakiak bere lekua aurkitu zuen lurrean. Etxea, katua ez zen beste edozein aberek lotarako aukeratzen zuen lekuan egin zuten. Etxe handiak eraiki zituzten, bertan jende askok bizi behar zuelako, abereekin eta ortuariekin batera. Taldean bizitzeak arazo handiak konpontzen zituen: bakardadea, umeen zaintza, nagusienen ardura... Hildakoak ere eurekin bizi ziren. Horregatik garbitzen zuten gauero sukaldea, gauekoak zetozelako. Eta urteko egunik ilunenean, jan eta edatekoa uzten zieten etxeko hildakoei, gaur Olentzarori lez, biziekin batera ogi kurruskuaren jaia ospa zezaten. Otordua, ogiaren ordua, eta otoitza, ogiaren orduko hitza. Lehengoak eta oraingoak batzeko zubia.

Etxearen izena hartu zuten: Etxebarria, Etxezarreta, Murua, Gilisasti... Baina etxekoak ez ziren aski beste lan batzuk egiteko. Etxeak batuz auzoak sortu zituzten. Ura, errekak, ibaiak, ugaldeak... muga kontsideratu zituzten. Eta horrela, auzo multzoak herri bihurtu ziren. Eta isurialdeek, ur emari berbera elkarbanatzeak, eskualdeak sortu zituzten. Eta urean oinarritutako banaketa horren arabera garatu zen euskara. Ur isurialdeekin aldatzen da deklinabidea, lexikoa, ahoskera... Eta ondorioz, nortasuna. Ur isurialdeek, ur berbera elkarbanatzeak, komunitateak sortu zituzten: baztandarrak, goierritarrak, urolatarrak, arratiarrak... Kultura bakar baten isurialde ezberdinak.

Kulturaren ikuspegitik, gure izaeraren oinarrizko unitatea dira. Egia den arren, kostalde eta barrualdeko leku isolatu batzuetan ez dagoela eskualde noziorik. Halakoetan, herriak nortasun handikoak izaten dira. Euskal Hiriak, ostera, nortasuna kentzen die herriei. Bilbo Handia, Donostia-Baiona, Gasteizko lautada... sustraiak ebakitzen dituzten marabunta kontzeptuak dira. Gure eskualdeari begiratu baino ez dago. Zatitua, zati batzuetan ukatua, eta Metroa, herriak logela bihurtzen dituen zuloa, ezaugarri kultural komun nagusia.

2003. urtea izango zen, Berlineko Kopin mugimendu autonomoaren Europako asanblada, eta Hannoverko neskato jator bat Euskal Herriko dinamika kulturalari buruz berbetan. Harrituta zegoen. Alemanian, Europako estatu gehienetan legetxe, dinamika kultural eta sozialak hirietan pilatzen dira. Kukutza efektu erraldoi baten modura. Eta herriak garai lasaiak bizitzeko zaharren museoak dira. Gurean, ostera, herriari bizitza ematen dion gazteria, gaztetxe, euskara elkarte, bertso eskola, mendi talde... asko dago. Soilik horrek egiten du posible berrehun kilometro karratutan kultura eta gizarte ekimen gehien egiten diren Europako lurraldea izatea.

Hor zentratu behar genuke gure politika kulturala, eskualdeetan. Eskualdeak bihurtu gure grabitate puntu, gizakiak paisaia irakurtzen zekien garaian lez. Proiektu nazionalak, eskualdeetan oinarritu ezik, baliabide nazionalak dituzten mapak baino ez dira. Sustrairik gabeko enbor handiak. Eta loreak, adarretan daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo