GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Igandea Louvren

Igandean Louvrera joan nintzen. Hasiera-hasieratik, Parisen egongo nintzen egun urrietan egin beharreko guztia egutegian sartzen saiatu, eta Louvrera Aste Santuko igandean joan beharko nuela ikusi nuenetik, akats bat zela banekien. Hala ere, beste egunetan ezinezkoa zitzaidan, eta lan batzuk ikusi nahi nituen. Beraz, igandean Louvrera joan nintzen.

Ez ditut bostehun pertsonako ilarak aipatu beharrik, ezta artelan ezagunen aurrean zegoen jendetza saihestezina ere (eskerrak eskulturak idulkien gainean daudela; Mona Lisa-z zuzenean paso egin nuen), ezta motxila erraldoiekin zebiltzan turistak ere, Erromako kristalak arriskuan jarriz (arropazaindegian ez dituzte pakete eta poltsak jasotzen), ezta sarkofagoen aurrean kung-fura jolasten zuten umeak.

Baina geroago pentsatuta, bisita ez da horrenbesteko akatsa izan, gogoetara bultzatu nauelako. Esaterako, zergatik mila aldiz erreproduzitutako lan batek («Miloko Venus»-a kasu) bikaintasun maila antzekodun baina ezezagunagoa den batek (demagun, «Versailleseko Diana») baino irrika handiagoa sor diezaiokeen normalean artea ikusten ez duen norbaiti: ez delako lanaren aurrean babesgabe sentitzen? Gustatu behar zaiola onartu eta bere buruari galderak egin behar ez dizkiolako?

Ziur nago igandean Louvren zegoen jendetza guztiaren artean (23.000 pertsonara irits daitezke egun batean) askori ez zaiela «Miloko Venus»-a gustatzen. Arazoa da besteen aurrean ez onartzeaz gain, euren buruei ere ez dietela onartuko. Eta horrelako hurbilketa batekin, artearen benetako zentzua preziatzea ezinezkoa bihurtzen da.