Maria Angeles Zubia | SOS Haur Lapurtuak Euskadi
Hemen zergatik ez?
Erakundeek ez dezatela erresistentzia gehiagorik ipini ume lapurtuen auzian; benetako borondatea aldarrikatzen dugu
Ume lapurtuen auzian balio demokratikoekin bat eginez aurrera jo dezagun, garrantzitsua izan daiteke historiari begiratu bat ematea aferaren hastapenetatik. Iraganaren memoriak lagun diezaguke oraina hobeto ulertzen, ukapena gainditzen eta gizakiaren alde txarrari aurre egiten. Saia gaitezen, behintzat.
Frankismoaren errepresioa zantzu pseudozientifikoez justifikatzen saiatu zen Antonio Vallejo-Najera psikiatra famatua bere lan askotan. 1938an, adibidez, demokraziak gizarte-erresumina pizten zuela aldarrikatu zuen, eta ezkertiarrak hauspotzen zituela, nahiz eta, bere «ikerketek» frogatzen zuten bezala, marxistak adimen maila «atzeratuko» pertsonak izan; erregimen aristokratikoetan, ordea, onenak ateratzen ziren aurrera, berez. Hots, marxismoa gaixotasuna zen medikuarentzat, umetatik suntsitu behar zen akatsa. Emakumea bigarren mailako gizakia zen «adituaren iritziz»; alegia, nortasun makalekoa, inteligentzia eskasekoa, eta mugarik ez bazitzaion ipintzen, gizaki krudela bilaka zitekeen. Matxinada politikoek emakumearen instintu sexuala asetzen omen zuten. Beraz, kartzeletako emakume errepublikanoek ez zeukaten estatus politikorik, preso arruntzat jo behar ziren. Frankismoko psikiatra gorenaren analisiaren ondorioz, eduki zitzaketen umeak lehenbailehen kendu behar zitzaizkien emakume haiei, gizartearen onurarako. «Intentzioa ona zen».
Ondorengo urteetan, irabazle atera zen aginte politikoaren pentsamendua ezarri zen «moraltasunez» mozorraturik. Mozorro horrekin ongia egiten zela uste zen, antza, baina iturri berdinetik isurtzen zen gaizkia. Ama ezkongabea izateak marka zuen, orobat pobreziak, baita ideologiak ere. Hobe umeak kentzea tara horiek zituztenei. Borondate ustez onenarekin ate zabala ireki zitzaion gaizkiari.
Azter dezagun beste garai bat, 1960ko hamarraldia. Garai hartan klinika asko ireki zituzten. Paco Gonzalez Tena soziologoaren ikerketen ondorioz trama batez ariko ginateke: ondo antolaturiko talde batek, diruaren truke, umeak lapurtu zituen, eta guraso izateko arazoak zituzten familiei «saldu» egin zizkien Espainia osoan. Eta hori, ziurrenik, negozio oparoa izan zen batzuentzat. Gertakari horiek eta frankismo hasierako ama «akastunak» umeengandik banatzeko aldarrikapen haiek lotzea ez dirudi burugabekeria.
Tamalez, lapurreta horien bukaerari data zehatzik ere ezin jarri, baina gaurko gizarteak mina sentitu du albiste izugarri horien ezagutzarekin. Gure gizarteak ez du epaiketa moralik egin. Gaizkiaren aurrean gizaki oro sentitzen gara deseroso. Tzvetan Todorov pentsalariak dioen bezala: «Gure etsaia ez da morala, egozentrismoa eta manikeismoa baizik».
Demokrazia batean, agintariek sufritzen dugunon alde egin beharko lukete. Lehendakariak tramari buruz hitz egin du, eta Legebiltzarreko kide bat lapurtutako umeen kopuru ikaragarri batez aritu da. Egoera dramatiko honen aurrean, estamentuen erantzuna ez da araberakoa. Kaltetuok jota gaude, ez dugu benetako borondate politikorik ikusten eta opakutasun gehiegi nabaritzen dugu.
Argentinan, 500 kasurekin nazioarteko erakundeak asaldatu ziren. Zer gertatzen da hemen? Drama honen aurrean ukapena dugula? Beste toki batzuetan edozer gerta daitekeela, baina «gurean» ezetz?
Arestian aipatutako gizartean edozer gerta zitekeen. Hori argi dago. Eta hortik gatoz; horrek dakartzan ondorio guztiekin. Epaiketa moralik ez dugu egingo, baina ez dezagun testuingurua justifikatu.
Erakundeek ez dezatela erresistentzia gehiagorik ipini ume lapurtuen auzian; benetako borondatea aldarrikatzen dugu: lagun dezatela behingoz artxibo guztiak zabaltzen, polizia-ikerketak arintzen, mediku-estamentuaren uzkurtasuna gainditzen... Gaizkiaren kontra egin dezatela, sekula ez ahanzturaren alde.