Gizonezko bat atxilotu dute Fiteron, pistolaz tiro eginda koinata zauritzeagatik
Emakumezkoak lanerako bidean jaso zituen koinatuaren tiroak, antza, familiarteko eztabaida bat zela tarteko. Besoan eta aurpegian zauritu zuen 46 urteko biktima, baina ez dago egoera larrian. Gizonezkoa, bestalde, atxilotu egin zuten, hilketa saioa leporatuta.
GARA |
Nafarroako Foru Poliziak gizonezko bat atxilotu zuen atzo Fiteron, koinatari pistolaz tiro egitea egotzita, antza, familiarteko eztabaida bat zela kausa. Emakumeak bere burua babesteko eskuez aurpegia estali zuen eta ondorioz aurpegian eta besoan bala zauriak zituen. Hain zuzen, keinu horrek zaurien larritasuna gutxitzen lagundu zuen. Nafarroako Gobernuak atzo ohar bidez jakinarazi zuenez, biktimaren egoerak hobera egin zuen ondorengo orduetan.
J.A.J.G. inizialak ditu ustezko erasotzaileak eta hilketa saioa egotzi diote, Poliziak jakinarazi duenez. Gertakaria 12.00ak aldera jazo zen. 46 urteko emakumea lanerako bidean zihoala, koinatuak 22 kalibreko pistola batekin tiro egin zion.
Fiteroko osasun zerbitzuak bertaratzeaz gain, anbulantzia bat eta foruzainak gerturatu ziren eta lekuan bertan aurreneko azterketa egin ostean, Tuterako Reina Sofia Ospitalera eraman zuten arren, ondoren Iruñeko erietxe batera eraman zuten.
Bere egoera kontrolpean egon arren, Traumatologia, Oftalmologia, Otorrinolaringologia, Neurokirurgia eta Kirurgia Maxilofazialeko arduradunek azterketa egin zioten, egoera zehatza zein zen atzemateko.
Tiroketaren ostean Nafarroako Foruzaingoa, Guardia Zibilarekin batera, ustezko erasotzailearen bila hasi zen eta 13.00ak aldera Fiteron bertan topatu zuten, bere etxebizitzan. Bertatik atxilo eraman zuten.
Poliziari egindako testigantzari esker, erasoan erabili zuen ustezko arma topatu zuten, 22 kalibreko pistola txiki bat, Fiterotik gertu dauden baratze batzuetan.
Salaketak atzera bota
Bestalde, Estatu espainoleko Etxeko eta Genero Indarkeriaren Aurkako Behatokiak atzo helarazitako datuen arabera, Nafarroan 2011n 1.449 salaketa izan ziren tratu txarrengatik, alegia, 3,9 salaketa eguneko.
Halaber, 321 kasutan, hau da, %22,15ean, salaketa jarri zuten emakumeek uko egin zioten prozesuarekin aurrera jarraitzeari, Iruñeko Emakumearen Aurkako Indarkeriaren Arloko epaitegiak, eta arlo honetan eskumena duten Tutera, Tafalla, Lizarra eta Agoitzeko epaitegiek igorritako datuen arabera.
Datu honek, hain zuzen, Nafarroa Estatu espainolean salaketa gehien atzera botatzen dituen autonomia erkidegoa dela erakusten du. Estatu espainoleko batez bestekoa %11,54ekoa da, Behatokiaren arabera.
Nafarroako epaileek iaz orotara emakumeak babesteko 188 agindu eman zituzten (%66), eta beste 98 emakumek egindako eskaerei ezezkoa eman zieten (%34).
Etxeko eta Genero Indarkeriaren Aurkako Behatokiak igorritako datuen arabera, Nafarroako epaile eta magistratuek emakumeak babesteko 286 eskaera jaso zituzten iaz.