GARA > Idatzia > Euskal Herria

drogaren aurkako Operazioa

Heroina saltzen zuen sare bat desegin dute Bilbon, lau lagun atxilotuta

Bilbon finkatua zegoen eta Kantaurialdean droga, batez ere heroina, banatzen zuen talde antolatu bat desegin zuten Ertzaintzaren Bilboko Ikerketa Kriminal Orokorraren Unitateko agenteek (IKOU-Bilbo) joan den ostiralean. Operazioan lau pertsona atxilotu zituzten, eta guztira, 25 milioi euroko balioa duten 49 kilo heroina, 1.000 kokaina dosi baino gehiago, droga faltsutzeko substantziak, zehaztasun baskulak eta material informatikoa atzeman zituzten. Drogak Europako iparraldean zuen jatorria eta taldeko hiru kidek garraiatzen zuten Euskal Herriraino. Lakuako Herrizaingo Sailak atzo jakinarazi zuenez, taldeko buruak Bilbo Zaharreko supermerkatu batetik zuzentzen zituen gainerako kideak. «Outage» operazioaren gaineko ikerketa 2011. urtearen bukaeran hasi zen; orduan atzeman zuten Bilboko IKOUko agenteek bikote batek aipatu supermerkatua droga trafikoaren estalki gisa erabiltzen zuela, ustez, substantzia estupefazienteak salerosteko. Operazioan lau pertsona atxilotu zituzten, supermerkatuko bikotea eta beste bi emakume, denak 30 eta 44 urte bitartekoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo