Euskal presoak: politikoki aktibo, aktibo politikoa
Gaur GARAk argitaratzen duen elkarrizketa mamitsu batean, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren mintzaidetzak konfiantzazko mezu bat zabaltzen du. Euskal Herriaren askatasunaren alde hartutako bide berriarekin konprometiturik, baina desesperantzan ala esperantza itsuan erortzeke. Sakontasun politiko handiko hausnarketak eskaintzen dituzte, preso atxikita izanagatik ere ahalmen eta esperientzia itzelak politikoki aktibo direla erakusten dutenak, prozesua azkartzeko eta eszenatoki berria sendotzeko saihestu ezineko aktibo politikoak direla alegia. Kartzelatik ateratzeko haiek baino gogo handiagoa inork ez duen bezala, inortxok ez daki beraiek baino hobeto bide horretan topatuko diren zailtasunez. Badakite euskal jendearen aurrean beren egoera desilusioa eta usteltze sentsazioa hedatzeko erabiliko dutela; jakitun dira, halaber, estatuek egindako urrats ttipienak ere prozesua elikatu eta aldarte sozial positibo eta kutsakor bat hedatzen dutela eta horren beldur direla. Denok mugitzen badira dena mugituko dela uste dute eta herri honekin batera, ezker abertzalearekin eskuz esku, ekimen politikoari eutsiko diote, beren ekarpena bideratuz.
Mintzaidetzaren ekipo berriak publikoa du alde, euskal jendearen gogoa. Beren eskubideak errespetatu eta beren asmoak gauzatzeko bidean ez dago hori baino aliatu preziatuagorik. Enegarrenez, bihar, Bilbon ikusiko den legez.