GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Baionako derbian ibiliko da Pro 2 Mailako mamua

Bi talde lapurtarren egoera txarra da, baina bietan okerrena, dudarik gabe, Avironena da.

p042_f01_199x116.jpg

Jon LEUNDA

Avironek eta Biarritzek bihar arratsaldean Jean Dauguer estadioan 16.15etik aurrera jokatuko duten derbiak benetan itxura txarra dauka. Gertatzen dena gertatzen dela, azken emaitza oso kaltegarria izango da bietako batentzat. Biarritzek irabazten baldin badu, Aviron ia Pro 2 Mailan utziko du. Baionarrek irabazten badute, aldiz, biarriztarrek berriro ere mailari eusteko borrokan sartu beharko dute.

Bietako inork ez zuen espero, ordea, egun dagoen lekuan egotea. Top 14ko aurrekonturik handienetakoak dituzte biek, eta sailkapeneko goialdean egon nahi zuten denboraldiaren hasieran. Biarritzek zerbait irabazi nahi zuen, Liga edo Heineken Kopa. Avironek, berriz, Ligako final-laurdenak jokatu nahi zituen, gutxienez. Horretarako egin dituzte taldeak, horretarako gastatu dute dirua, baina Ligak beste leku batera bidali ditu.

Bai Baionan bai Biarritzen zer gertatu den jakin nahi dute. Zurrumurruak asko dira, baina benetan gertatu diren edo ez jakitea oso zaila izango da. Iñaki Laskurainek, Gipuzkoako Errugbi Federazioko presidente eta Avirongo jokalari ohiak, iritzi garbia dauka: «Avironen kasua nik oso garbi ikusten dut. Gauzak bide azkarretik egin nahi izan ditu, dirua jarri, eta horrekin jokalari onak fitxatu. Horrek, ordea, gauzak ongi joango direnik ez du esan nahi, gero aldagela barruan izar guzti horiek kudeatzen jakin behar delako, eta uste dut horretan ez dutela asmatu. Herrialde oso ezberdinetako jendea dago Avironen, eta horrelakoetan aldagela barruan taldetxoak egin izan dira, eta errezeloa daukat hori gertatu dela. Diruak bakarrik ez dituela emaitza onak lortzen ikusten da Baionan».

«Biarritzena ezberdina da, lehendik ere izar asko zituelako, baina oinarrian gauza bera egon daitekeela uste dut. Entrenatzaile aldaketa egon zen denboraldi hasieran, eta uste dut hark ere ez duela asmatu aldagela kudeatzen. Talde batean izar asko daudenean ez da erraza izaten haiek denak eramatea, eta azken batean, bietan gauza bera gertatu delakoan nago», dio Aviron taldeko jokalari ohiak.

Okerreko bidea

Garbi dago Avironek zein Biarritzek okerreko bidea egin dutela aurten. Denboraldiaren amaieran biek mailari eutsiko baliote eta Biarritzek European Challenge irabaziko balu ere, denboraldi txarra izaten jarraituko lukeela dio Iñakik.

«Garbi dago hemendik aurrera bi taldeen helburuak mailari eustea izan behar duela, eta hori lortzen badute, denboraldia salbatuko dute, baina txarra izaten jarraituko du. Biarritzek European Challenge irabaziko balu ere, egindako urte txarra apur bat txukuntzeko bakarrik balioko lioke, bi taldeak hasierako helburuetatik oso aparte baitabiltza», adierazi du Laskurainek.

Biharko partidarako, berriz, Biarritz hobeto ikusten du: «Faboritoa zein den esatea oso zaila da. Partida batera edozer gerta daiteke, baina garbi dago une honetan Biarritz hobeto dagoela. Behetik gora dator, azkeneko partidak irabazi egin ditu, eta horrek indarra emango die. Aviron, berriz, ez dago ongi, eta badakite galtzen badute, ia jaitsita egongo direla. Presio horrekin jokatzea oso zaila izaten da, eta are gehiago horretara ohituta ez dauden jokalariekin».

Hori bai, Euskal Herriko bi talderik garrantzitsuenetan gertatzen ari dena, errugbi profesionalean gertatzen ari den adibide bat besterik ez dela ohartarazi nahi du Laskurainek: «Hau da errugbi profesionala. Top 14a da dirurik gehien gastatzen duena, bertan daude munduko izar nagusiak, eta futboleko gauzarik txarrenak hartzen ari da. Futbolera bezalaxe, beren burua ezagutzera eman nahi duten dirudun asko ari dira agertzen, asko, gainera kirolari buruz ezer ez dakitenak, eta hori oso arriskutsua da», ohartarazi du Gipuzkoako presidenteak.

Emaitza

Biarritzek irabazten badu, jaitsierako arriskutik aterako da, eta Aviron ia Pro 2 Mailan utziko du. Etxekoek irabazten badute, egoera apur bat arinduko dute, eta talde zuri-gorria berriro ere mailari eusteko borrokan sartuko lukete.

Oraina

Une honetan Biarritzen egoera askoz hobea da. Azken partidak irabazi egin ditu, eta behetik gora indarrean dator. Aviron, berriz, burua altxatu ezinik dabil. Orain ikaragarrizko presioarekin ari da jokatzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo