Berezkoak | Binakako Txapelketa
Ibarrolak eta Harizmendik oraintxe erakutsi behar dute daukaten maila
Jon LEUNDA
Binakako Txapelketako lehen finalerdia jokatuko da gaur Baionako Modernen. Alde batetik Ibarrola eta Harizmendi arituko dira eta bestetik, Laurent Lanbert eta Kurutxari.
Ibarrola eta Harizmendi hasieratik ziren aurten txapela lortzeko faborito, eta orain arte erakutsitakoaren arabera, bide hori daramate. Beren multzoko onenak izan ziren finalerdietarako txartela zuzenean lortuta. Erakutsitako maila ere oso ona izan da.
Ibarrolak aurrean min handia egiten jarraitzen du. Sake bortitza dauka eta lehen jokaldiarekin zulo handia egiten du. Moderne, gainera, horretarako leku aproposa du, eta saiatuko da hasierako jokaldiarekin zuloa egiten. Atzean, gainera, sekulako babesa dauka. Harizmendi oso bolada onean dago, erraz egiten du pilotan, eta badirudi ezker paretatik trinketera itzuli zenetik, bere unerik onena oraintxe ari dela bizitzen.
Lanbertek eta Kurutxarik denetik egin dute orain arteko txapelketa honetan. Partida onak eta txarrak. Multzoko bigarren geratu ziren, eta final-laurdenak jokatu behar izan dituzte. Norgehiagoka ona eginda datoz, eta indar handiarekin daudela onartu du Kurutxarik. Hala ere, badakite dirua aurka izango dutela, nahiz eta horrek ez dien aparteko kezkarik sortzen.
Jaialdia 19.00etan hasiko da, eta lehen partida Amateurren Buruz Buruko Txapelketako finalerdia izango da. Maitia eta Benesse arituko dira nor baino nor.