GARA > Idatzia > Kultura

Harkaitz Canoren «Twist» lanak eskuratu du 2011ko Beterriko Liburua saria

GARA | BILBO

80ko hamarkadako gerra zikinean kokatutako Harkaitz Canoren eleberria, «Twist» (Susa), izan da 2011ko Beterriko Liburua saria jaso duen lana. Hori adierazi zuten atzo, inoiz baino lehenago, 111 Akademiako kideek. Izan ere, Canoren eleberriak bi bozketa txanda nahikoa izan ditu saridun izendatzeko; «111 Akademiak orain bost urte txanda sistema martxan jarri zuenetik, ez zen inoiz halakorik gertatu», esan zuten.

Diego Lazkano idazlea du protagonista Canoren azken eleberriak. Pertsonaia hau 80ko hamarkadako gerra zikinaren baitan bahitu, torturatu eta hil zituzten Soto eta Zeberio lagunen oroitzapenarekin eta justizia nahiarekin obsesionatuta dabil.

Bi txandatan

Urtarrilaren 16an abian jarri zen lehen bozketa txandan 2011n gogokoen izan zuten liburuaren alde bozkatzeko eskatu zitzaien akademiakideei, eta lehen txanda hartan Beterriko Liburu izendatzeko behar ziren botoen %30 lortu zituen obrarik egon ez zenez, boto gehien jaso zuten lehen sei obrak akademiako kideen irizpen pean jarri zituen 111 Akademiako Batzorde Eragileak.

Bigarren bozketa txandan obra bat saridun izendatuko bazen, jasotako botoen %40 bereganatu behar zituen, gutxienez. Eta, txanda sistema martxan jarri zenetik lehenengo aldiz, Canoren eleberriak kopuru hori gainditu egin du, botoen %47 eskuratuta. 82 akademiakidek hartu dute parte bozketa prozesuan.

Gauzak horrela, sari banaketa datorren maiatzaren 10ean egingo dute 2011ko Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena ezagutzera emateko. Amasako Kultur Etxeko ekitaldi aretoan izango da, arratsaldeko zazpi eta erdietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo