Pabellon 6k tabernetako kultura ezagutarazteko saioa egingo du
Tabernak amodioren zabortegiak dira batzuentzat eta solasean aritzeko lekuak dituzte beste askok. Pabellon 6k, alta, sormen artistikoa bultzatzeko duten alde ezkutua nabarmendu nahi du «Tabernas Fantásticas» zikloaren bidez. Bestalde, poesia izango da nagusi asteburuan.
Alvaro HILARIO | BILBO
Euskal Herrian zein Estatu espainolean asko dira sormen artistikora begira dauden tabernak, edateko lekuak baino zerbait gehiago direnak. Izan ere, poesia, arte grafikoa, musika eta joera ezberdineko kultur agerraldientzako erakusleiho naturalak dira tabernak. Tabernek duten alderdi hori aurkezteko asmoz, «Tabernas fantásticas» zikloa abian dago Deustuko Pabellon 6 aretoan. Bestalde, Poesia Astea hartuko du egun hauetan aretoak.
Pabellon 6k ibilbide berezia proposatzen du, Estatu osoko tabernetan zehar egitekoa. «Badira erakundeek bultzatutako kulturarik at sormena lantzen dutenak eta, kasu askotan, taberna dute aterpe», adierazi zigun atzo Pabellon 6ko Ramon Barea aktoreak. «Askok ulertzen ez badute ere, errentagarritasuna ez da sormena lantzeko arrazoia; norberak barruan daramana adierazteko grina dugu arrazoia». David Gimenez eta Gran Bob aragoiarrak tabernari eta artista direnetakoak ditugu. Davidek Ebroko ibarrean, Remolinos sorterrian dauka taberna eta Gran Bobek berea, Vinos Chueca, dauka Casetasen, Zaragoza hiritik gertu. Atzo, gurekin izan genituen beren egitasmoak aurkezteko.
Davidek abian jarri zuen argitaletxe bat, La Cartonerita Niñabonita. Eskuz egindako liburuak kaleratzen ditu; batek emandako etekinek sortzen dute hurrengoa. Artelan txiki eta bitxi hauek ikusgai daude aste honetan Deustuko aretoan.
Roberto Artigas, hau da, Gran Bob, musikari eta margolaria da, besteak beste. Atzo, bere musikaz lagundu zituen David Gimenezen hitzak.
Datozen hilabeteotan, segituko du atzo Aragoi aldetik hasitako ibilbideak. Besteak beste, Errenteriako taberna miresgarria hurbilduko digute Pabellon 6koek gutxi barru.
Poesia Astea
Poesia jendearengana gerturatzea da Pabellon 6ren beste helburuetako bat: «Gure ustez, musikak, zinemak lagunduriko poesia ikuskizunak ondo daude, jendeak hura goza dezan», esan zigun Bareak. Horrela, gaur eta bihar, 20.00etan, musika eta poesia uztartzen dituen «No, no siempre fuí tan feo» ikuskizuna aurkeztuko dute Jose Luis Estebanek eta Javier Graciak. Igandean, ordea, «Xabier Montoiaren mundu miresgarria» lanaren txanda helduko da; hau ere 20.00etan izango da.
Atzo inauguratu zuten «Versoflexia» bideo-instalazioa ere Poesia Asteko beste ekimen bat da eta ikusgai egongo da igandera arte.