San Telmo Museoa Conde Nast Traveller sarietarako izendatu dute
GARA | DONOSTIA
Nieto Sobejano arkitekto taldeak egindako Donostiako San Telmo museoaren zabalkuntza 2012. urteko kultura arloko diseinu onenen artean kokatu dute, Berrikuntza eta Diseinua Sarien seigarren edizioan, «Condé Nast Traveller» aldizkariak eta JW Marriott hotel taldeak, museoaren arduradunek atzo jakinarazi zutenez.
Aldizkari honen talde editorialak, urtero-urtero, uneko diseinu onenen zerrenda bat egiten du hainbat kategoriaren arabera, jasangarritasunetik hasi eta garraio arloraino, kultura tartean.
Zerrenda aztertu ondoren, hoberenen hautaketa egin du epaimahaiak eta horiek dira publikoak bozkatu ahal izango dituenak eta aldizkariaren maiatzeko zenbakian diseinua eta berrikuntzari buruzko gehigarrian agertuko direnak -Donostiako San Telmo museoa barne-. Boto gehien jasotzen dituztenek maiatzaren 22an ospatuko den ekitaldian jasoko dituzte sariak.
Joan den urteko edizioan Hepworth Wakefield arte garaikideko galeriak irabazi zuen kategoria honetan. Galeria Calder ibaiaren aldamenean dago (Yorkshire, Britainia Handia) eta David Chipperfield Architects-ek diseinatutako eraikuntza da.