GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Gurutz Garmendia Osinalde Auzolan Ekimena

Astoaren sena

«Matxinada gogor bat herri batean, sortu omen zan: hau nagusi ziyoten batzuek, beste hau beste batzuek. Astotxo bat larrean zegoen, lanetik etorri berri eta oraindik zamukik askatu gabe. Ta joan zitzayon agure bat esanik:

-Alde egintzak, astotxo, harrapatu etzatekan. Astoak, orduan, erantzun omen ziyon bare-bare: -Agure jauna. Matxinadan irabazten duenak. Lau zamuki jarriko ote dizkit biren tokiyan, edo daramazkidan biyak kendu? -Ez!- esan omen ziyon agureak -lehengo biyakin geldituko haiz. Ta astoak hala omen diyo: -Zer ardura neri, bata edo bestea nagusi, baldin birekin ibili behar badet gero ere?

Ipuiaren zer esana: Nagusi aldakuntza, askorentzat hutsa».

Badira bai altxorrak oraindik ere gure artean eta bat zalantza gabe, Elurmendiren ipuinena da. Eta bertatik jasotakoak dira atariko ipuin eta esana. Nagusi aldaketa, askorentzat hutsa dela alegia. Eta egiak egi, hobe kontuan hartzea gure antzinakoek ipuinen bidez esaten digutena. Hobe kontuan hartzea haien esanak, ze gaur egun ezagutzen dugun «mundua» pikutara doa. Petrolio eta ur eskasiak eragin dituzte dagoeneko hainbat matxinada mundu guztian eta gehiago espero dira. Erabat ustelduta dago sistema kapitalista globalizatzailea eta berez ez bada erortzen, guk geuk erauntsi beharko diogu lehenbailehen.

Alegia, eredu berriak behar dira daukagun kakatzari aurre egiteko, baina aldi berean iturri zaharretik datozen eredu berriak. Iturri zaharretik datorren ur berria. Eta auzolan eta batzarra ziren gure antzinakoen ereduak. Arbolak omen dira gure arbasoak ele zaharrek diotenez, eta agian geuk ere arbola ereduak landu beharko ditugu. Jatorria, sustraietan aurkitu behar, gaur eguna berriz enborrean eta etorkizuna adarretan. Nondik gatozen jakin eta non gauden jakin behar da, gero horren arabera adarrak nondik bideratu asmatu eta eta guk geuk jorratzeko izan nahi dugun etorkizuna.

Urak dakarrena urak daroala esaten du esaera zaharrak eta ez dago ez, gaizki esana. Baina euskal gizarte desberdinek berezko urmael eta aproposko pantanoetan urak gelditu eta usteltzen ditugula dirudi. Inork ez zuen esan erraza izango zenik eta ez da bihar bertan ere lortuko, baina aldi berean aurrean daukagun frontisa pitzatzen hasia da dagoeneko. Gero eta indar handiagokoak eta ugariagoak dira frontisera zuzentzen ditugun esku pilotak eta orain arte puskaezina zirudiena pitzatzen hasi da horma gogor eta zurruna. Urak bere bidea jarraitu behar du.

Auzolan eta batzarrak ziren gure antzinakoen ereduak eta txarra ez, etorkizunean ere horrelaxe izatea. Geure herrian garatutakoa da demokrazia erreal parte-hartzailea eta ez da geuretzat ere eredu makala. Aurrera beraz, auzotarren lan eta batzarrak! Eta aurrera aldi berean, tokian tokiko burujabetasuna! Aurrera beti!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo