GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

National

Avironek gero eta zailagoa dauka dagoen lekuan jarraitzea

CRETEIL  4

AVIRON  3

Jon LEUNDA

Avironek gero eta zailagoa dauka mailari eustea, Creteilen galdu ostean. Porrota, gainera, erarik mingarrienean etorri zen.

Lapurtarrek lehen zati aparta egin zuten. Zelaira zer egin behar zuten ongi zekitela atera ziren, eta oren erdia betetzerako, aurretik ziren 0-3. Bazirudien puntuak Euskal Herrira etorriko zirela, eta dauden lekuan jarraitzeko aukerei indartsu eutsiko zietela, baina gauzak okertzen hasi eta erabat okertuz amaitu zuten.

Lehen zatia amaitzerako etxekoek markagailuko aldea murriztu egin zuten. Bigarren zatian Creteil zen nagusi berdegunean, baina Avironek ongi eusten zien etxekoen erasoei, 19. minutuan 2-3koa lortu zuten arte.

Horrekin urduritasuna agertzen hasi zen, eta neurketa amaitzeko bederatzi minutu falta zirenean, Creteilek, penalti bati esker, berdindu egin zuen. Horrekin urduritasuna areagotu egin zen euskaldunen artean, eta Bidegainek txartel gorria ikusi zuen partida amaitzear zegoela.

Eta gutxienez, puntu bat lortuko zutela zirudienean, etxekoek laugarren gola egin zuten, eta ezer gabe utzi zituen euskaldunak neurketa on bat egin ostean. Avironek, orain bi aste, 0-3 galtzen aritu ostean, 5-3 irabazi zuen, eta atzo orduko ordaina jaso zuen Creteilen.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo