GARA > Idatzia > Kultura

Eduardo Apodaka: «Jardun publikoan ere defendatu behar dugu autonomo izateko beharra»

«Eztabaida sustatzea eta erdi ezkutatuta dauden aburuak plazaratzea du helburu Juan Zelaia sariak», adierazi zuen Pamielako Jose Angel Irigarayk, «Norberaren autonomia krisian» liburuaren aurkezpenean.

p050_f01_149x105.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Bilboko Kafe Antzokiak hartu zuen atzo, 2011ko Juan Zelaia saria eskuratu duen Eduardo Apodakaren «Norberaren autonomia krisian« (Pamiela) ikerketa lanaren aurkezpena. Gizarte psikologiaren ikuspuntutik idatzitako liburu honek norberaren autonomia eta garapenaren gaineko hausnarketa proposatzen du. Pamiela argitaletxeko Jose Angel Irigarayren iritziz, «pozgarria da egun puri-purian dauden gaiak» jorratzen dituen Upaingoa saila osatuz joatea.

Eduardo Apodaka (Deusto, 1965) Psikologia Sozialeko irakaslea da EHUn, 1999. urtetik. Bere jarduna ez ezik, liburua ere eremu horretan kokatu beharra dago. «Saiatu naiz, lehenengo eta behin, norberaren autonomia zer den azaltzen; hau da, nork bere burua eraiki, arautu edo gobernatu», esan zuen Apodakak lanaren edukinak aurkeztuz. «Askotan, norberaren autonomia hori besteengandik, harremanetatik ihes eginez lortu behar dugula eta nork bere baitan aurkitu behar duela esaten digute, baina, nire ustez, hori ez da egia. Liburuan kontrako ideia azaldu nahi izan dut: autonomia jendartean topatuko dugu, harremanetan, baita harreman horiek guztiak baldintzatzen dituzten makro egitura soziopolitikoetan ere», gaineratu zuen Eduardo Apodakak.

Eremu publikoak

Botereak kontrako tesiari eusten badio ere, Apodakaren ustetan eremu publikoak funtsezkoak dira norberaren autonomia eraikitzeko: «Autonomia defendatzeko, eremu horiek guztiak (harremanak eta abar) defendatu behar ditugu, baita eremu publikoan autonomo izateko beharra ere. Eremu publikoak, politika eta jardun publikoa defendatu behar ditugu, jardun publiko hori delako norberaren autonomiaren funtsa».

Egileak salaketa egin nahi izan du bere liburuaz: «Salatu nahi izan dut gizakiaren despolitizazioa, baita dagoen despolitizazio orokorra ere. Autonomia zera guztietatik ezabatu nahi izan dute: beste nonbait, beste norbaitek emango dizkigu gure burua gobernatzeko arauak». Horren harira, agertu zuen honen inguruan diren joerak: «Modernitatean autonomiaren gaineko jarrera bi daude: bata, subjektu gizabanako horren ingurukoa; bestea, heteronomia deitu ahal dugun indar horietatik ihes egiteko edo aurre egiteko nahia».

Gaurko harremanetan, gaurko munduan aurkitu nahi izan ditu autonomiaren aztarnak, eta aldi berean, honen guztiaren gaineko salaketa egin «autonomia horretan sinetsi egiten» duelako.

Juan Zelaia Saria

Pamielako Jose Angel Irigarayk adierazi zuen «saiakera laburrak eta erdi ezkututa dauden hainbat iritzi eta aburu era literario batean, liburu moduan plazaratzea» dutela helburu Juan Zelaiak Sariak eta lanok kaleratzen dituen Pamielako Upaingoa sailak. «Pozgarria da azken hamaika urte hauetan egungo munduan puri-purian dauden gaiak hizpide izan dituzten liburu sorta hau zelan osatzen den ikustea».

Joseba Intxausti Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioaren ordezkariak, gaineratu zuenez, «ezagutza zabaltzerakoan euskara tresna izatea inportantea da eta Sariak berak bidea erraztu nahi du zeregin hauetan. Eskertzekoa da EHUtik gizartera salto egitea».

Fitxa

Izena: «Norberaren autonomia krisian»; 122 orrialde.

Egilea: Eduardo Apodaka (Deustu, 1965).

Argitaletxea: Pamiela, Upaingoa saila. Euskal Kulturaren Aldeko Euskal Fundazioaren laguntzaz. Liburuak 2011ko Juan Zelaia saria jaso zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo