GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Estitxu Breñas, Iñaki Ullibarri Gasteizko ezker abertzaleko kideak

Araban bagare, gero eta gehiago!

Urteetan Gasteizen hamaika taldek eta norbanakok eraikitako etxe eder horrek orain maila bereko estalkia behar duela diote hizkuntz adituek. Goazen, bada, oraingoan estalki hori landu eta taxutzera

Kantak dioen bezala, «Araban bagare...» gero eta gehiago. Eta berau ospatzeko badugu aukera hilaren 21ean. Izan ere, «Euskaraz bizitzera goaz» lelopean Euskaraz Bizi Eguna antolatu du euskalgintzak Gasteizen.

Zorionez, tokitan daude Vitoria gaztelaniadun ia elebakar haren garaiak. Tokitan daude, halaber, orain dela 20 urte-edo euskararen eta euskaldunon kontrako mezu iraingarri eta baldar haiek guztiak. Zorionez, egun, oso zaila egiten zaigu garai haietako zakarkeriak entzutea edota irakurtzea. Zorionez, egun, inor ez da ausartzen Gasteizko euskaltzaleak egun batean bai eta hurrengoan ere bai iraintzera, euskalgintzaren lana mespretxatzera eta zikintzera. Egun, dela benetako sinesmenagatik, dela epe motzeko kalkulu politiko eta elektoralengatik, dela Gasteizko gizarteak behin eta berriro euskararekiko atxikimendu argia erakutsi duelako edota euskarari eraso egiteak dagoeneko botorik ematen ez duelako, gehien-gehienok euskaltzaleak omen gara.

Eta zaila da egungo Gasteizen euskaltzalea ez izatea; izan ere, argiak eta eztabaidaezinak dira euskararen ezagutzaren zein erabileraren aurrerakada erakusten duten datuak, gure gizartearen arlo guztioi dagozkienak eta bereziki pozgarriak eta itxaropentsuak direnak belaunaldi gazteenei dagokienez. Hala ere, oraindik ere asko dira euskaratik urrun bizi diren gasteiztarrak, eta ez soilik azken urteotan gure hirira iritsi berrien artean, nahikotxo baitira hemen jaio arren oraindik ere euskaraz hitz egiten zaienean, «poliki, mesedez, ikasten ari naiz-eta» esateko gauza ez direnak. Bestalde, ukaezina da Gasteizen, Euskal Herri gehienean bezalaxe, euskaldunok euskaraz bizitzeko ditugun mota guztietako oztopoak; batzuk, gure beldur, lotsa eta utzikeriaren ondoriozkoak; asko eta asko, hizkuntz politika herabe eta mengel batek eragindakoak. Hots, Gasteizen ere, ezagutza eta erabileraren arteko desoreka gainditzea da datozen urteotako lehentasunetariko bat, zenbat eta gehiagotan euskaraz egin, hainbat eta erabilera eremu gehiago lortu eta erabiltzaile berri gehiago erakarriko ditugulako gure hizkuntza nazionalaren mundu zoragarrira.

Horregatik, zer ospatuaz gain, zer eskatu ere badugu, euskarak geurean dagokion esparrua eta tokia izan dezan. Geroa euskaraz dator eta hizkuntza erabiltzeko, bizitzeko, gozatzeko eta egunerokoan uztartzeko erabilpenerako esparruak, topaguneak funtsezkoak dira; hori dela-eta, besteak beste, Gasteiz Antzokia, euskararen eta euskal kultura zabalaren indargune eta erakargarri gisa, garrantzitsua da gure hirian. Lan eskerga egin beharra dago Gasteizko euskal komunitatea trinkotzeko, harrotzeko eta aktibatzeko. Eremu eta gune desberdin ugari behar ditugu ezagutza zein erabilera hauspotzeko, oraindik ere sektore batzuetan ezkutatuta dauden euskararekiko mesfidantza edota mespretxua ezabatzeko, baina batez ere euskaldunok elkar ezagutu eta elkarri euskaraz egin diezaiogun une orotan eta orori buruz mintzatzeko. Eta bide horretan, hiri osoan zehar euskararen odola bultzatuko duen bihotz indartsu baten beharra daukagu hiri honetako euskaltzaleok, euskarak gure hirian hartu duen indarraren tamainako azpiegitura, euskalgintzaren proiektu zahar-berri asko elikatzeko eremua, euskal kulturaren sustapen lan etengabea bultzatuko duen gunea, euskaldun zein euskaltzale guztion etxea izango den tokia. Horra hor Gasteiz Antzokiaren funtsa.

Bestaldetik, «Green Capital» garen honetan, bada garaia gure politikarien mezuan eta praktikan hizkuntz ekologia kontzeptua txertatzeko, Albert Bastardas soziolinguista katalanak dioen moduan: «Espezie biologikoak (bioaniztasuna) salbatzeko prest bagaude, zergatik ez gaude prest hizkuntz aniztasunaren alde egoteko (eta lan egiteko)? Desberdina dena berdin tratatzea diskriminazioa da. Ekitaterantz jo behar dugu. Desorekatua dagoena orekatzera jo behar dugu». Bada garaia euskaltzaletasun teorikotik euskarekiko atxikimendu praktikorako jauzia egiteko: ez dakitenak, euskaltegietara hurbildu daitezela; dakigunok, egin dezagun euskaraz. Gurasoek, euskaraz matrikulatu ditzatela haurrak; euskara ikasleek, erraztasunak izan ditzatela ikasbidea bertan behera ez uzteko; politikariek, euren diskurtsoekiko koherentziaz jokatu, hizkuntz politika eraginkorra bultzatu eta berau garatzeko behar diren baliabide ekonomiko zein bestelakoez hornitu dezatela.

Ezin amaitu artikulu hau euskalgintzak hamarkada luzeotan, askotan oso baldintza zailetan eta behin baino gehiagotan instituzioen mespretxua, zabarkeria edota herra jasanda, burutu duen lana txalotu gabe. Eskerrak beti Gasteizko gizartea klase politiko ofizialaren aurretik joan zela. Eskerrik asko oso garai latzean bertako ikastolen mugimendua abiarazi eta eutsi zioten lagunei. Eskerrik asko urte hauetan guztietan umeak euskal ereduetan matrikulatu dituzten guraso guztiei. Eskerrik asko euskara ikasteko eta irakasteko euskaltegietan ordu luzeak ematen dituzten euskal ikasle zein irakasleei. Eskerrik asko euskaraz euren lana burutzen duten gasteiztar guztiei. Eskerrik asko Korrikan, Araba Euskaraz-en eta antzekoetan parte hartzen duten euskaltzale guztiei. Eskerrik asko hiri honetan euskarazko kulturgintzan jarduten duten guztiei. Eskerrik asko euskalgintzako militante nekaezinei eta administrazioko langile euskaltzale nekagaitzei. Eskerrik asko guztioi ezker abertzalearen izenean, zeuei esker, askok eta askok euskaraz bizitzeko hautua egin ahal izan dugulako. Eta eskerrik asko Gasteizko euskalgintzari, apirilaren 21eko Euskaraz Bizi eguna hautu horren isla delako. Urteetan Gasteizen hamaika taldek eta norbanakok eraikitako etxe eder horrek orain maila bereko estalkia behar duela diote hizkuntz adituek. Goazen, bada, oraingoan estalki hori landu eta taxutzera, denon artean, bakoitzak bere eremutik, dotoreziaz eta duintasunez, naturaltasunez eta zabaltasunez.

Bizi gaitezen euskaldun, izan gaitezen euskaldun!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo