GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Apustua

Olasagasti eta Zaldua, indarrak neurtzeko prest

Igeldokoa eta Zumarragakoa etzi eguerdian neurtuko dira Tolosako zezen- plazan. Xabierrek hogei kana-erdiko erdibituko ditu, eta Joxemarik bi gehiago.

p049_f01.jpg

Jon LEUNDA

Igandean 12.00etatik aurrera neurtuko dira Tolosako zezen-plazan Joxemari Olasagasti eta Xabier Zaldua. Azken honek 20 kana-erdiko erdibitu beharko ditu; eta igeldoarrak, berriz, bi gehiago. Egur guztiak Zalduak eramango ditu plazara.

«Ongi nago. Prestakuntza inolako arazorik gabe eraman dut; bi hilabete eskas izan ditut prestatzeko, baina lehendik ere ongi nengoen, eta nahikoa izan direla uste dut», esan zuen Zalduak. «Ez daukat aitzakiarik. Oso gustura nago egindako lanarekin, eta iganderako ere ilusio handia daukat», adierazi zuen, berriz, Joxemari Olasagastik.

Zalduarentzat laugarren apustua da hau, eta orain arteko hirurak irabazi egin ditu. Erasun, Kastro eta Otaegi izan dira aurrean izan dituenak, eta hiruretan garaile atera zen. Olasagastik, berriz, apustu asko jokatu ditu. Gaur egun aizkoran ari diren aizkolarien artean gehien jokatu dituena izango da.

«Orain arteko apustuak ongi joan zaizkit. Hirurak irabazi ditut, eta horrek indarra ematen du. Kontrarioak ere gero eta izen handiagokoak dira, eta nik neure burua ere probatu nahi dut», esan du Xabierrek.

«Badirudi apusturen bat egin behar bada nik tartean egon behar dudala. Hor badaude sasoi ederra duten gizonak, baina ez dute apusturik egiten, beti gerorako uzten ari dira, ez dakit zeinen beldur diren. Apustuak gustatzen zaizkit, eta uste dut kirol honi indarra ematen diotela», esan du Igeldokoak.

Abantaila

Joxemari Olasagastik alde dezentea eman dio Zalduari. Bi kana-erdiko gehiago ebaki beharko ditu, eta enbor guztiak Zumarragakoak eramango ditu.

«Alde handia da. Nik lehen zaharragoen aurka jokatzen nuenean, abantaila ematen nien. Orain, ni baino hogei urte gazteagoei ere aldea ematen ari naiz. Jendeak nahi duena esango du, baina pentsatu horrek ematen didala kezkarik handiena. Azkenean bi enbor gehiago mozteaz gain, denak berak plazaratuko ditu. Enborrak onak ekartzea gaur egun ia ezinezkoa da. Egur bat ona izateko sei hilabete inguru botata eduki behar da. Orain bota berria ez da on horietakoa izaten. Baleko egurrak ekartzen baditu, ni konforme geratuko naiz», dio Olasagastik.

«Aldea bada, baina ez horrenbeste. Joxemari txapeldun handia da, eta hark kana-erdikoak azkar pasatzen ditu. Enborrak nik eramatea niretzat garrantzitsua da, badakidalako zer-nolako enborrak diren, erremintak ere haiekin probatzeko aukera izan dudalako; baina berak ere badaki ni gaiztakerietara ez naizela joango, ez naizela lana luzatzera joango», esaten du Zumarragako aizkolariak. Dirua Olasagastiren alde dago.

Bi aizkolarien jardunarekin ez da inolako ezusterik izango apustuko egunean

Bi aizkolariek apustuan zer-nolako jarduna izango duten badakite denek, orain arte bezalaxe arituko direla argi eta garbi utzi baitute biek.

«Ni beti azkar hasten naiz, aldeak ateratzera, eta igandean ere gauza bera egingo dut. Lagunek esaten didate, lasai hasteko, badaezpada, baina horrelakoa naiz, hasieratik bizi aterako naiz, ahalik eta alderik handiena kentzeko», dio Olasagastik.

«Garbi daukagu bera bala bat bezala aterako dela. Nik neure erritmoari eutsi behar diot, itsutu gabe, baina aldi berean berari ere ezin diogu gehiegi ihes egiten utzi», adierazi zuen Xabier Zalduak. J.L.

Laugarrena

Zalduak bere laugarren apustua jokatuko du etzi. Aurretik Erasunen, Kastroren eta Otaegiren aurka neurtu da, eta hiruretan garaile atera da Zumarragakoa.

Egurrak

Tolosako zezen-plazan etzi eguerdian jokatuko den apusturako enbor guztiak Zalduak plazaratuko ditu, baita Olasagastik moztu behar dituen azkeneko bi kana-erdikoak ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo