GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Eskubideak kendu eta beldurra hedatzeko asmoz

Martxoaren 29ko greba baino lehen, patronalak eta Gobernu espainolak, hainbat hedabideren laguntzarekin, herritarren aurkako eraso gisa aurkeztu zuten grebarako deialdia eta «lanerako eskubidea» aldarrikatu zuten Hego Euskal Herrian 200.000etik gora lagunei eskubide hori bermatzeko gauza ez diren berberek. Kriminalizazio kanpainaren ostean, greba egunean, polizien jazarpenaren bidez, langileen borroka egunaren arrakasta itzela bigarren mailan ezartzen saiatu ziren. Eta arrakasta nabarmen hura eta polizien jarrera bortitza ezkutatu ezinik, kriminalizazio saioari eutsi zioten, greba eguneko istiluak nabarmenduz baina Poliziaren erasoak eta probokazioak zurituz. Eta zenbait egun geroago, «desordena publikoak» leporatuz, LABeko bi kide eta Lizarrako beste bi lagun atxilotu zituzten. Atzo, berriz, beste hamahiru, horietako zazpi adingabeak. Alde batetik, herritarrak pobreziara kondenatzen eta eskubidez gabetzen dituen politika ekonomiko eta sozialaren gaineko arreta desbideratzeko; eta bestetik, politika horren aurkako protesta «arriskutsua» dela ohartarazteko; herritarren artean beldurra hedatzeko, alegia. Hori da botere ekonomikoen zerbitzuko gobernuen asmoa; hala ere, atzo bertan, hainbat eragile sindikal, politiko eta sozialek atzoko «polizia razziari» erantzuteko erabakia iragarri zuten. Izan ere, oinarrizko eskubideak jokoan daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo