GARA > Idatzia > Mundua

Su-etena hasi zenetik, 120 pertsona baino gehiago hil dira Sirian

Sirian su-etena hasi zenetik 120 pertsona baino gehiago hil dira Armadaren erasoetan eta matxinatuen indarren aurkako gatazketan. Gainera, NBEren behatzaileak iritsi zirenetik biktimen kopuruak gora egin du. Mendebaldeko herriek presioa gogortzeko asmoa dute.

GARA | PARÍS

Sirian su-etena ezarri zenetik, igaro den astean 120 zibil baino gehiago hil dira, egunero su-eten hori apurtzen dutelako bai Siriako Armadak, bai matxinatuen armadak.

Atzo bertan, gutxienez zazpi pertsona hil ziren, Deir Ezzoren eta Yabrouden, Damasko eskualdean, oposizioko Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera. Talde horrek dioenez, Armadaren eta matxinatuen arteko borrokak ez dira gelditu, su-etenak ezarrita izan arren eta Nazio Batuen behatzaileak dagoeneko Sirian egon arren. Su-etena indarrean sartu zenean nabarmenki egin zuen behera biktimen kopuruak, baina igandean lehenengo behatzaile taldea iritsi zenetik, gora egin du, eta azken hiru egunotan 80 hildako baino gehiago izan dira.

Oposiziokoek Annanen plana egunero urratzea egozten diote erregimenari, oraindik hirietan tankeak eta soldaduak daudelako. Gobernuak, bere aldetik, «talde terrorista armatuen» erasoetan egunero jendea hiltzen ari direla salatzen du. Moustafa Ahmed Al-Cheikh Siriako Armada Librearen buruetariko batek «aliantza militar» batek esku hartzea eskatu zuen atzo. Bitartean, Parisen, Mendebaldeko eta hainbat herri arabiarretako ordezkari diplomatikoak elkartu ziren, Damaskoren kontrako presioa gogortzeko. Hillary Clinton AEBetako Estatu Saileko idazkariak Bashar Al Assad Siriako presidenteari ohartarazi zion «neurri berriak» hartuko zituela, Annan planaren «azken aukera» galtzen badu. Errusiak eta Txinak ez zuten parte hartu, gonbidatuak izan arren. Moskuren arabera, bileraren helburua ez da Siriako Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketa bultzatzea, gatazka handitzea baizik. «Ekimen suntsitzailea» izan daitekeela gaineratu zuen.

300 behatzaile

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak uste du oraindik aukera dagoela Sirian, su-etena erabatekoa ez dela argi izan arren. Horregatik, Siria osoan 300 behatzaile banatzea proposatu du. «Arriskurik gabeko» misioa ez dela izango onartu, eta «mugitzeko askatasun osoa» eskatu dio Damaskori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo