GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Kopako finala

Ordiziak historia egiten jarraitzeko aukera dauka

Gipuzkoarrak etzi Palentzian El Salvadorren aurka jokatuko duten partidarako faborito nagusiak dira.

p046_f01_199x132.jpg

Jon LEUNDA

Ampo Ordiziarentzat egun handia izango da etzikoa. 13.00etatik aurrera Palentzian jokatuko du, La Balastera estadioan, El Salvadorren aurka, Kopako finala. Lehen final handia izango da Ordiziarentzat, eta sekulako ilusioarekin daude.

«Egia esan, ilusioa eta gogoa ikaragarrizkoak ditugu. Azken batean lanean ongi ari garen seinale da, eta uste dut harro egoteko arrazoiak dauzkagula. Herrian, eta Goierri osoan piztu den ilusioa, errugbiak piztu duen ikusmina, sekulakoak dira, eta hori bera ere pozez txoratzen egoteko arrazoia da», dio Axio Arañak, Ampo Ordizia taldeko entrenatzaileak.

Iganderako faborito aterako dira gipuzkoarrak. Aurrean talde handi bat izango dute, baina Ligan bien artean aldea dagoela ikusi da. Goierritarrak bigarren amaitu dute eta Ligako finalerdiak jokatuko dituzte, eta El Salvadorrek, berriz, ez du lortu estreinako sei taldeen artean sartzea. Hala ere, Arañak garbi uzten du konparazio horiekin kontuz ibili behar dela.

«Egia esan horrela begiratuta garbi dago faboritoak garela, baina beraiek ere talde handi bat daukate. Haiek dira Kopako egungo txapeldunak, eta Ligan ez dute uste bezain lan ona egin, eta horregatik minduta eta denboraldia konpontzera aterako dira, eta oso arriskutsuak izango direlakoan nago. Gainera partida batera edozer gerta daiteke», dio Axiok.

«Uztartzeak eta eskasak»

Arañak badaki lana ongi egin beharko dutela, eta badaki non ibili beharko duten kontuz: «Ligan ez dira ongi ibili, baina talde ona daukate. Guk badakigu zer egin behar dugun, uztartzeetan eta eskasetan ongi ibili behar dugu, hor baloi gutxi galdu», esan du entrenatzaileak.

Astea berezia da Ordizia aldean, baina gauza asko aldatu gabe dabiltzala esan du Axiok: «Astea berezia da, horretan ez dago dudarik, baina gu saiatu gara hortik apur bat aldentzen, eta beti egiten dugun lan bera egiten. Ez dut uste orain gauzak aldatzea komenigarria denik».

Lekua ere oso berezia da, orain arte estadio handietan jokatzen ohitu gabe daude, eta etzi La Balasteran, 12.000 ikusle sartzen diren zelai batean arituko dira. «Hori ere polita da, ederra izango da. Badakigu Valladolidetik Palentzia oso gertu dagoela, baina guk ere jende asko eramango dugu. 2.000 ikusle pasa joango omen dira hemendik ere, eta giroa handia izango da. Pentsa, gurekin joaten diren erdiek ere ikurrinak eramaten badituzte zenbat ikurrin izango diren harmailetan», esan du Axio Arañak.

Zale horiei guztiei ez dagoela hutsik egiterik dio entrenatzaileak: «Horrenbeste zale joanda ezin diegu hutsik egin. Dena dela partida batera da, eguna ere berezia, eta edozer gerta daiteke. Guk daukagun guztia emango dugu, eta gure nahia amaieran denek batera garaipena ospatzea da», esan du.

Garaipenen bide honek eskualde osoan beste ondorio bat ere utzi duela esan du Axiok, eta hori ere gerorako oso garrantzitsua dela onartzen du: «Lan asko ari gara egiten umeekin, eskoletara joanez, errugbia erakutsiz, azken batean hor daukagu etorkizuna. Egoera honek, gainera, horretarako asko lagundu du, eta orain sekulako ilusioa egiten du kalean umeak errugbiko baloiarekin ikustea», erantsi du. Kopa irabazten badute, gero Liga geratuko zaie, han ere finala jokatzeko aukera asko baitituzte. Urte handia izan daiteke Goierri osoan.

Ikusmina

Final honek sekulako ikusmina piztu du Ordizia eta Goierri osoan. Euskal Herritik joandako 2.000 ikusletik gora espero dituzte Palentzian, eta giroa segurtatuta egongo da.

Zelaia

Finala jokatuko duten zelaia ere ez da edonolakoa, La Balastera estadioan jokatuko baitute. 12.000 ikusle sartzen dira bertan, denak eserita. Lekua oso aproposa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo