GARA > Idatzia > Kultura

Joseba Lozanoren «Argiaren erreinua» gazteleratu dute

GARA | DONOSTIA

Donostiako Udal Liburutegian, atzo aurkeztu zuen Joseba Lozanok (Gasteiz, 1962) «Las siete esferas» (Alberdania). Hau dugu iazko azaroan Alberdania argitaletxeak kaleratu zuen «Argiaren erreinua» nobelaren gaztelaniazko bertsioa. Nobelaren itzulpena Joseba Lozanok berak egin du.

Orduan, liburuaz berba eginez, berak irakurri nahiko lukeen moduko nobela zela aitortu zuen Lozanok. Gaur egungo Praga hirian kokatuta dago istorioa, pertsonaia guztiak txekiarrak direlarik. Emakumeen hiltzaile bat harrapatu nahian ari diren hiru ezezagun gurutzatuko dira kaleetan: Jan, ikerketaren arduraduna; Anna, liburu-denda bateko jabea; eta Fran, bere burua nahigabe abenturan murgilduta ikusiko duena.

«Niri irakurtzea gustatuko litzaidakeen liburua idatzi dut», esan zuen Lozanok. Bere aburuz, oso liburu «zinematografikoa» da eta nobela beltzen artean sailkatzen du egileak, «suspensea da jaun eta jabe hasieratik amaierara arte».

Bestalde, Joseba Lozanori akzesit bat eman zioten 2005ean Gabriel Aresti ipuin-lehiaketan, eta bi urte geroago, Donostia Hiriko Kutxa Literatur saria irabazi zuen «Hasperenka» ipuinarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo