Onintza Enbeitak hartuko du Iñaki Antiguedaden lekukoa, Madrilen
Onintza Enbeitak hartuko du Antiguedaden lekukoa, Amaiurreko kideak Madrilgo Kongresuan duen kargu politikoa eta unibertsitateko lana bateragarriak ez direla jakin ondoren. Politikatik ez dela inoiz bizi azaldu zuen, baita garai politiko berriaren alde lanean jarraituko duela argitu ere.
Nerea GOTI | BILBO
«Hemen proiektuaren alde egindako lana, orain Madrilera doa». Horrela deskribatu zuen atzo Onintza Enbeitak Iñaki Antiguedaden ordezko legez aurrean duen ardura politikoa, Bilbon prentsaren aurrean, Antiguedadekin batera egin zuen agerraldian. «Ez nator Iñaki Antiguedad ordezkatzera», azaldu zuen kazetari eta bertsolari muxikarrak, «iruditzen zaidalako irakasle, politikari zein gizon moduan ordezkaezina dela, eta bestetik, argi daukadalako Amaiur ez dela Iñaki bakarrik, Amaiur gizon-emakume talde zabal bat delako», gaineratu zuen.
Bere konpromiso politikoari buruz, Amaiurren helburuak «helburu pertsonaltzat» hartzen dituela azaldu zuen, eta koalizioari «botoa eman dioten guztien ilusioa» Madrilera eramaten saiatuko dela esan zuen.
Aurretik, Iñaki Antiguedadek zenbait hausnarketa egin zituen Diputatuaren Estatutuaren Batzordeak ebatzitako erabakiaren gainean. «Inork kritika egin nahi badu egin dezala, baina gutxieneko fundamentuarekin», esan zuen. Argitu zuenez, publikoa eta ofiziala izan da kargu politikoa eta unibertsitateko lana uztartzeko bere apustu pertsonala, eta instituzioetan egindako lanagatik soldatetan zentimorik kobratu ez duela esan zuen, ez Amaiurren, ezta Herri Batasunaren edota Euskal Herritarrok-en izenean biltzarkide aritu denean. Bere jarduera instituzionalean «kobratzeari uko egin» ziola esan zuen, eta Unibertsitateko irakaskuntza eta ikerkuntza lanak ez dituela utzi nabarmendu zuen.
Amaiurren lantaldea osatzeko orduan «ohiko ez den apustua» egin zutela argitu zuen, liberatuta egongo zen jendearen ondoan liberatu gabeko jendea ere egotea, hau da Kongresutik kobratzen ez dutenak, «kanpoko oxigenoa» sartzeko.
Bestalde, hautatu beharrean jarri dutela onartu zuen, eta bateraezintasunaren jakinarazpena jaso izan ez balu, amaitu arte jarraituko zuela esan zuen. Izan ere, dela kongresu espainoletik dela unibertsitatetik politikan jarraituko duela esan zuen.
Koherentziaz jokatuz, EHU unibertsitatean jarraitzeko hautua egin duela esan zuen, «beti egin izan dudan bezala», baina «ez dezala inork pentsatu Iñaki Antiguedadek politika utziko duenik», esan zuen, eta Euskal Herrian zabaldu den aro berriaren eta prozesuaren alde lanean jarraituko duela nabarmendu zuen.
Galderei erantzunez, lehendakari izateko aukera aztertuko lukeela esan zuen, umorez, «denbora partzialekoa», eta harago joz, Bielsa ordezkatzeko eskaerak izan dituela esan zuen.