GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | Gernikako bonbardaketaren 75, urteurrena

Sufrimendua gogoan, ongietorria eman diote aurtengo egitarauari

Foru plazan egin zuten atzo Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko egitarauaren aurkezpen ekitaldia. Hasteko, 1937. urteko apirilaren 26ko sarraskia oroitzen duen mural erraldoia margotzen hasi ziren, eguraldi txarrak lana zaildu bazuen ere. Jarraian, arkupeetan, Gernika Batzordeak ongietorria eman zion aurtengo egitarauari.

p018_f01_200x105.jpg

Jon ADAN

Euria barra-barra ari zela, Gernika-Lumoko bonbardaketaren 75. urteurreneko egitarauaren hasierako ekitaldia egin zuten atzo Gernika Batzordeko kideek, herriko Foru plazan. Hartara, goizeko hamaiketarako aurkezpen ekitaldiaren ekimen nagusia zegoen prestatuta; alegia, Jose Ramon Unanue margolari donostiarrak, Maialen Muruetagoiena gernikarraren laguntzarekin, 1937. urteko apirilaren 26ko egun ilun hura gogoratzen duen mural erraldoia jendaurrean margotzea. Hala ere, eguraldi txarra zela-eta, eguneko hainbat momentutan, lana estali egin behar izan zuten.

Jose Ramon Unanue margolariak, GARAri egindako adierazpenetan, mural erraldoi horren deskripzioa egin zuen: «Gernika herria bonbardaketaren ondoren erabat suntsituta ikus dezakegu atzealdean; alegia, etxeak eta eraikinak txiki-txiki eginda. Aurrealdean aldiz, ama bat, seme-alabak eskuan dituela, bonbardaketatik iheska. Elementu horiek guztiak grisa eta beltza bezalako kolore tristeekin islatu ditugu, egun horretako iluntasuna eta tristura adierazteko».

Goialdean aldiz, zerua margotzeko, kolore biziak erabiliko dituzte, gorria edo laranja; egun Euskal Herriak bizi duen esperantza garaia islatzeko. Zeru horren gainean, 75. urteurrenerako Gernikako Batzordeak aukeratutako leloa, «Bakea, Askatasuna, Autodeterminazioa», ageri da, eta ondoan duela Euskal Herriaren aitortza, bere existentzia eta etorkizunaren aldeko mezua aldarrikatzen duen Gernika Batzordeko txoria.

Unanueren hitzetan, muralak hiru helburu ditu: batetik, Gernikak bonbardaketaren egunean jasandako suntsipena eta txikizioa adieraztea; jendearen sufrimendua islatzea; eta azkenik, egun Euskal Herriak bizi den esperantza garaia islatzea. «Astelehenean hasi ginen murala margotzen eta larunbatean amaituta egongo da. Herritarren Lip-dub erraldoiari bukaera emateko, murala erabat amaituta aurkeztuko dugu», azaldu zuen Unanuek.

Beraz, atzo murala jendaurrean margotzeko ekimena erdizka baino osatu ez arren, 75.urteurrenaren ekitaldiari hasiera ofiziala eman zion Javier Jauregizar Batzordeko kideak. Datorren ostegunera arte izango diren ekintza ugarien berri eman baino lehen, aurkezpen testua irakurri zuen Foru plazako arkupeetan bildu zirenen aurrean.

Jauregizarrek, orain 75 urte isilarazia, gutxiagotua eta zapaldua izan zen Gernika eta inguruan «Gernikatuak» izan ziren herriak gogorarazi zituen lehendabizi. Ondoren, aurtengo urteurrena testuinguru berezian egokitu dela adierazi zuen, berezia bai Euskal Herrian, bai nazioartean. Hala, Gernikako herria suntsitu zuten hegazkin eta lehergailuen ordez, euskal herritarroi dagozkigun eskubide indibidual eta kolektiboak aldarrikatzen dituen txori koloretsuaren aldeko apustua egiten dutela gogorarazi zuen.

Bestalde, aurtengo leloak -«Bakea, askatasuna, autodeterminazioa»- aldarrikatzen duen Euskal Herriaren existentziaren eta aitortzaren aldeko mezua berretsi zuen. Azkenik, 75. urteurrenari ongietorria eman eta gero, aurtengo egitaraua aurkeztu zuen: «herritarra eta parte-hartzailea, aldarrikapen politikoekin batera kultur ekintza ugari eskaintzen duena».

Hamaika ekintza

Gernika Batzordeak hainbat ekimen antolatu ditu apirilaren 26ra arte. Gaurko, 18.00etan «Gernikako bonbardaketa: historia, oroimena, eztabaida» mahai-ingurua, Elai-Alaia aretoan; edota 20.00etan «Zeruari kea dario» emanaldia, Merkatu plazan.

Larunbaterako egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean kale animazioa izango da, lip-dub erraldoi baten grabaketa eta herri bazkaria. 18.00etan «Hemen Gaude!» ekitaldi politikoa egingo dute Jai Alai Frontoian, eta gauean kontzertuak, pasealekuan. Igande goizean kale giroa izango da, trikitilari eta dultzaineroekin; eta arratsaldeko, 17.00etan bertso-trama jaialdia, Lizeo antzokian.

Gainerako egunetan ere hainbat ekitaldi izango dira: astelehenean, 12.00etan, ikus-entzunezkoak, azoka inguruan; asteartean, 19.30ean, «Kukai-Ttanttaka 1937» dantza ikuskizuna, Lizeo Antzokian. Apirilaren 26an osteguna, bonbardaketaren 75. urteurrenaren egunean, Foru plazan izango dira ekimenak. Hasteko, 12.00etan «Gernika 1937-2012» adierazpena irakurriko dute, eta bukatzeko, 21.00etan Kandelen manifestazioa egingo dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo