GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora | Apustua

Joxemari Olasagastik oraindik ere handia dela erakutsi du

Bi kana-erdiko gehiago ebaki behar izan zituen arren, minutu pasako aldea atera zion Zalduari.

p044_f02_097x116.jpg

Jon LEUNDA

Joxemari Olasagatik irabazi zuen atzo Tolosan Xabier Zalduaren aurka jokatu zuen apustua. Igeldotarrak 53 minutu eta 2 segundo behar izan zituen lanak burutzeko, eta Zalduak, berriz, minutu eta sei segundo gehiago pasa zituen.

Igeldokoak 22 kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, eta bi gutxiago Zalduak. Enbor guztiak azken honek plazaratu zituen eta nahiko zikinak atera ziren. Olasagastik Joseba Etxebeste eta Lazaro Erregerena izan zituen alboan, eta Iruntxiberri eta Donato Larretxea, berriz, Zalduak. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen zituen, eta harmailetan 1.200 ikusle inguru batu ziren. Dirua, Igeldokoaren alde atera zen hasieratik.

Olasagastik hasieratik ekin zion bizi-bizi aldeak atera nahian. Lehen kana-erdikoan hamasei segundo kendu zizkion Zumarragakoari, eta apurka-apurka aldeak ateratzen hasi zen. Hala ere, lehen enbor hauetan ongi eusten zion Xabierrek, baina arazoak egurra partitzerakoan izaten zituen, denbora asko pasatzen baitzuen.

Lan erdietara gerturatzen ari zirenean, ia egur bateko aldea zuen irabazleak, eta lan erdietarako bat pasako tartea zuen. Helburuaren erdia beteta zuen Joxemarik, baina beste kana-erdiko bat kendu beharra zeukan, baina garbi zegoen hori denbora kontua izango zela, apurka-apurka Igeldokoa tartea handitzen ari baitzen.

Berdinketa

Zalduak hamaseigarren enborra eta Olasagastik hemezortzigarrena batera moztu zituzten; beraz, berdinduta zeuden bakoitzak amaitzeko lau falta zituenean. Bazirudien hor Zalduak apur bat eutsiko ziola, baina hurrengo enborraren amaieran Joxemarik 21 segundoko tartea zuen alde, eta hortik aurrera berean jarraitu zuen; aldea gehitu eta garaipena erdietsi zuen.

Orokorrean apustu ona izan zen; tarte txikia egon zen eta horixe da zaleek nahi izaten dutena. Igeldokoak garbi utzi zuen oraindik ere handia izaten jarraitzen duela.

Enborrez enbor hauek izan ziren Olasagastiren denborak: 1.19, 3.27, 5.45, 7.35, 9.45, 12.18, 14.57, 17.22, 19.36, 22.18, 24.55, 27.48, 30.04, 32.43, 34.43, 36.55, 39.15, 42-02, 44.53, 47.50, 50.32 eta 53.02. Zalduaren denborak hauek izan ziren: 1.35, 3.44, 6.23, 8.41, 11.27, 14.13, 16.53, 19.26, 22.35, 35.32, 28.24, 31.18, 34.05, 36.25, 38.57, 42.02, 45.14, 48.15, 51.07 eta 54.08.

Igeldokoak kontrolpean izan zuen apustua

«Egia esan, nahiko kezkatuta etorri naiz. Mendizabalen aurkako apustua buruan bueltaka ibili dut astean zehar, baina gero gustura aritu naiz. Enborrak ez dira onak atera, baina apustua kontrolpean izan dut. Lan ona egin dudala uste dut», esan zuen Joxemari Olasagastik

Galdu arren, gustura geratu zen Xabier Zaldua

«Beti batek irabazi behar izaten du eta gaur niri tokatu zait galtzea. Orokorrean, gustura geratu naiz, baina enbor batzuk partitzerakoan arazoak izan ditut. Olasagastik garbi utzi du oraindik sasoian dagoela», aitortu zuen Xabier Zalduak atzoko apustua amaitu zenean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo