Liburuak irakurri, gozatu eta oparitzeko kanpaina hasi du Topaguneak
GARA | DONOSTIA
Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak eta hamabost herritako euskara elkarteek «Irakurri, Gozatu eta Oparitu» kanpainaren seigarren edizioari ekin diote gaur, irakurzaletasuna bultzatzeko xedez. Herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu nahi dituzte, irakurtzearen alde atsegin eta gozagarria azpimarratuz.
Egitasmoa tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu-denden elkarlanari esker jarri dute martxan eta herrietako eragileen arteko harremana bultzatzea ere badu helburu. Kanpainaren izenak berak argi adierazten duenez, hiru pauso eman behar dira bertan parte hartzeko.
«Lehen pausoa irakurtzea da; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Horretarako, herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan eskatu ahal izango dugu. Liburua irakurritakoan, liburutegira bueltatu, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun... Fitxa hori beteta, liburuzainak erosketa-txekea emango digu, hitzartutako liburu-dendan erabiltzeko. Azken urratsa liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati... edo, zergatik ez, norbere buruari».
Liburutegian jasotako txartelarekin, euskarazko beste edozein libururen erosketaren %25a ordaintzeko aukera izango da; %50a, euskaldunon elkarteko kidea izanez gero.
Bi hilabete iraungo ditu ekimenak, hamabost herritan. Araban, Aramaio, Urkabustaiz, Legutio eta Zuian; Bizkaian, Santurtzi, Ermua, Basauri, Lezama eta Zamudion; Gipuzkoan, Lazkao, Azkoitia, Ataun eta Irunen; eta Nafarroan, Irurtzunen eta Lizarran. Zozketak egingo dituzte eta sariak, jakina, irakurriz gozatzen segitzeko erosketa-txartelak izango dira. Horiei, tokiko elkarteen solasaldiak, liburu azokak eta ipuin kontaketak gehitu behar zaizkie.