GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Bigarren itzuliko lehia bizia izango da Ipar Euskal Herrian

p005_f01.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Igandeko lehen itzulian, Estatu frantsesean lortutakoa baino alde txikiagorekin garaitu zitzaion François Hollande Nicolas Sarkozyri (batean %1,45 eta bestean 0,84%). Hortaz, bistakoa da maiatzaren 6an bi hautagaien arteko lehia zinez bizia izango dela.

Euskal lurraldeetan eskuinak aspalditik duen pisua emeki-emeki higatzen joan da azken bozetan; baina presidentetzarako, ezkerreko hautagai batek eskuinekoak baino emaitza hobea erdiesten duen lehen aldia da, bederen azken 30 urteetan.

Igandeko datuak gertutik begiratuz, barnealdean Sarkozyk indartsuena izaten segitzen du. Nafarroa Behereko Iholdiko kantonamenduan, esaterako, 7 puntu gehiagoko aldea atera dio Hollanderi. Biarritzen eta Donibane Lohizunen ere babes handia eman diote hautesleek (2007koa baino dexente apalagoa, halere).

Baionako emaitzak, berriz, aipagarriak dira. Martxoaren 1ean Sarkozyk Lapurdiko hiriburuan izan zuen harrera istilutsuaren arrazoiak ondo islatu dira emaitzetan. Izan ere, Hollandek sei puntu atzerago utzi du presidente kargua beste bost urterako atxiki nahi duen hautagaia.

UMPko tokiko buru Max Brissonen iritziz, bigarren itzulirako bere hautagaiaren aukerak «orekatuagoak» lirateke, kanpaina guztian Sarkozyk «gainerako bederatzi hautagaien eta hedabide ugariren eraso sistematikoa» jasan baitu. François Bayrou zentristak duen indarrari ere egotzi dio igandean Sarkozy lehena iritsi ez izana. Barthelemy Agerre Donapaleu kantonamenduko kontseilariak bezala, Brissonek espero du UMPko hautagaiak jasoko dituela MoDemeko boz gehienak.

Zentristen desengainua

Alta, euskal zentristek ez dituzte oraindik irentsi lehen itzulian bildutako emaitza txarrak. François Bayrou hirugarren iritsi da, baina bidean utzi ditu aurreko hauteskundeetako ia bozen erdiak. Bere alderdikide Jean-Jacques Lasserre euskal senatariak ez du bere desengainua ezkutatu, eta «gobernatzeko muturrak hobesten dituen sistemari» leporatu dio jasandako triskantza. Halere, ez du etsi «zentroko familia berrosatzeko» asmoan.

Biziki pozik agertu dena FNko idazkari Chantal Renou izan da, «Marine Le Penek azkenean frogatu baitu ez garela deabrua». Estatuan hirugarren bozkatuena izan bada ere, Ipar Euskal Herrian bosgarren geratu da, baina 19.511 bozekin, bere aitak 2002n lortu zituen 13.240ak aise gaindituta.

Emaitza horiek, hain zuzen, ilundu egin dituzte, PSko eta FGko kideen esanetan, ezkerrak erdietsitako emaitza onak. Hollanderen balentria errepikatzea espero du Colette Capdevielle legebiltzarreko bozetako hautagai sozialistak. Bokaleko PCko auzapez Marie-Josee Espieubek, Jean-Luc Melenchon FG Ezkerreko Fronteko hautagaiaren kanpaina goraipatu du, baina laugarren geratu izanak ez du ase.

Ezkerreko beste hautagaiek ere ez dute espero besteko atxikimendua ukan. Europe Ecologie-Berdeetako Eva Jolyk Estatuan (%2,31) baino hobeki eutsi dio Ipar Euskal Herrian (%3,59). Daniel Hegoburu Departamenduko buruaren ustez, «Presidentetzako kanpainan ekologiako gaiak defenditzeko zailtasunari» egotzi dio emaitza.

NPAk ere 2007an baino emaitza eskasagoak izan ditu. Orduan Olivier Besancenotek 8.260 herritarren babesa eskuratu zuen; eta Nicolas Poutouk, berriz, 3.894rena jaso du.

Dena dela, ezkerreko hautagai «txiki» horien alde egin duten hautesleek dute, Ipar Euskal Herrian ere, François Hollanderi Eliseoko atea irekitzeko giltza.

MODEM ETA FN

Bigarren itzulira begira, eskuineko bototzat har daitekeenak ezkerrekoa gaindituko luke Ipar Euskal Herrian; betiere, Sarkozyk MoDemeko eta FNko boto-emaile gehienen babesa eskuratuko balu. Ez batak ez besteak ez diete oraindik kontsignarik eman beren hautesleei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo