Alderdi abertzaleek zerbitzu publikoak indartzeko programa aurkeztuko dute
Egungo «egiturazko krisi sistemikoari» irtenbidea eman nahian proposamen sozioekonomikoa garatu dute Aralar, Alternatiba, EA eta ezker abertzaleak. Maiatzaren Lehenean aurkeztuko dute programa sarean eta burujabetza politiko eta ekonomikoa izango ditu oinarri.
Iraia OIARZABAL | DONOSTIA
«Herri bezala erantzungo diogu Madrildik inposatu nahi diguten gizarte eredu neoliberalari», hala baieztatu zuen atzo Joseba Permachek (ezker abertzalea), Oskar Matute (Alternatiba), Mariano Alava (EA) eta Ainhoa Beolarekin (Aralar) batera eginiko agerraldian. Horrela, krisi ekonomikoari eta honen aitzakiapean Estatu espainolak hartu dituen neurri politikoei erantzuteko proposamen sozioekonomiko bat aurkeztuko dute lau indar politikoek Maiatzaren Lehenean.
Permachek azaldu zuenez, lau izango dira programaren ildo nagusiak. Batetik, egoeraren azterketa bat jasoko du. Horretarako mundu mailako, estatu espainoleko eta Euskal Herriko diagnosi bat egingo dute. Bigarren atalean, justizia sozialean oinarritutako proiektu estrategikoak landuko dira. Hirugarren atalean, burujabetza ekonomiko eta politikoaren beharra aztertuko du proposamenak; eta azkenik, krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialari aurre egiteko ildo nagusiak aurkeztuko ditu programaren puntu garrantzitsuenak.
Permachen arabera, ezinbestekoa da egungo sistemari alternatiba bat ematea. Ildo horretan, martxoaren 29ko greban herritarrek bestelako eredu politiko, sozial eta ekonomiko bati baiezko borobila eman ziotela adierazi zuen. Hortaz, herritarren beharrei erantzun nahian, justizia sozialean oinarritutako proposamena bultzatuko dute, zerbitzu publikoak bermatzen eta indartzen dituena eta herritarra sistemaren erdigunean kokatzen duena.
Bestelako politika batzuk garatu ahal izateko tresna propioak izatea beharrezkoa dela gaineratu zuen Permachek. Alegia, burujabetza politiko eta ekonomiakoa jo zituen giltzarri nagusitzat.
Aurkezpen agenda
Proposamen sozioekonomikoaren aurkezpena Maiatzaren Lehenean egitea erabaki dute lau taldeek eta sarea erabiliko dute horretarako. Programa beraz, irtenbidea.net eta haysalida.net webguneetan eta sare sozialetan irakurgai izango da egun horretatik aurrera.
Era berean herritarrengana heldu nahian, jendaurreko aurkezpenak ere egingo dituzte. Hasteko, maiatzaren 6an Iruñean eta maiatzaren 19an Bilbon agerraldiak egingo dituzte, eta aurrera begira, hainbat herri eta hiritan hitzaldiak ematea ere aurreikusten dute.
Permachen arabera azken mobilizazioetan ezetz esan zaio ereru kapitalistaren krisialdiari aurre egiteko ezarri diren politikei «helburu bakarra sistema bera salbatzea delako».