GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Gezurrak

Polita da bere abenturak handitasunez kontatzen dituen haurra entzutea; egia eta gezurraren arteko muga horretan dantzan ikustea. Aurreko batean irakurri nuen haurrek sei urteren buelta horretan ikasten dutela ondo egia eta gezurra bereizten; ordura arte antza egoera biak bereizteko gaitasunik apenas dute, eta beraz, gezurra dena ez da hain gezurra.

Guri ere saiatu ziren gezurrik esan ez genezagun irakasten. Gezurrak esanez gero, sudurra haziko zitzaigula makina bat alditan entzundakoak gara nire belaunaldikoak. Eta gure gezurtxoak gure sudurraren tamainari nola eragiten zion erreparatzen genion bitartean, harrapatzen genituen gure inguruan helduagoak gezurtxoak esaten. Errealitatearen eta fikzioaren artean ez bereizteak eramaten ditu txikiak txiki direnean gezurrak esatera; eta helduak baliatzen dituztela eta haien bidez etekina lor dezaketela jabetzeak, berriz, gezurrak modu kontzientean esatera; eta behin hori ikasita, alferrikakoak dira sudur tamainaren inguruko aitzakia guztiak.

Egia da zenbaitetan gezurra esatea edo haren pare jartzen den erdi-egia esatea ezinbestekoa dela, pentsatzen dugun guztia boteprontoan botako bagenu pertsonen arteko harremanak ezinezkoak lirateke-eta; gezurraren atzean gordetzen den hori da, niri iritziz, gezurrari tamaina ematen diona, gezurra gezur egiten duena. Parean duzuna babesteko edo hura ez mintzeko esaten diren gezurrak deskubritzeak baino, norbere burua babesteko esaten diren gezur txikiak ezagutzeak gehiago mindu dezakete bat, eta zenbat holako ez dira esaten.

Ikerketa dezente egin dira arlo desberdinetan gezurraren inguruan, ikerketa objektu bilakatu da, seguruenik fenomenoak gizarte anitzetan, esanahi eta pisu desberdinarekin bada ere, zeresan handia duelako; posible litzateke, izan ere, gezurrik esaten ez duten pertsonez osatutako giza talde bat? Bada nik uste dut zenbait pertsonek benetako arazoak izango lituzketela ahoa irekitzeko ere balizko gizarte horretan. Ez dakit gezurrik gabeko gizarte bat posible litzatekeen, seguru asko ez, baina agian kontuak desberdinak izango lirateke gezurrak estaltzen adina esfortzu egia agerian uzten jarriko bagenu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo