Biltzarraren ostean PSN indarberritu egin dela nabarmendu du Lizarbek
Asteburuan egindako biltzarraren ondoren, PSN indarberrituta dagoela adierazi zuen atzo Juan Jose Lizarbek, alderdiak Parlamentuan duen eledunak. Horrekin batera, UPNrekin Nafarroan gobernatzen segitzeko hautuak sostengu handia jaso duela nabarmendu zuen.
GARA | IRUÑEA
Asteburuan egin duten biltzarraren ostean alderdia indarberritu egin dela nabarmendu zuen PSNko Exekutiboko Ekonomia arloko arduradun berri Juan Jose Lizarbek. «Exekutibo indartsu eta ahaltsua dugu eta ezkerrera jo dugu», esan zuen.
«Indarberrituta atera da PSN biltzarretik, baita Roberto Jimenez idazkari nagusia ere. Exekutibo indartsua dugu eta txostena aurrerakoiagoa da, ezkerrera jo baitu», adierazi zuen Lizarbek. Horrekin batera, PSOEko idazkari nagusiaren eta Exekutibo Federalaren sostengua jaso dutela esan zien Lizarbek kazetariei Nafarroako Parlamentuan Mahai eta Bozeramaileen Batzordearen bilera egin eta gero.
«Oso ongi egin dugu biltzarra, oso ongi. Zuzenketak aurkeztu nituenean denak onartuko zituztela ez nuen pentsatu», esan zuen.
PSNren biltzarrean erabakitakoari jarraituz, alderdiak Nafarroako Gobernuan UPNrekin jarraituko duela nabarmendu zuen Lizarbek, «nahiz eta batzuek lehenbailehen hortik alde egitea nahi zuten».
«Baina onartu duguna zera da: badira gainditu ez ditzakegun marra gorriak eta Gobernuaren jarduera marra gorri horiek ez gainditzean, PPren politikari ez jarraitzean eta Gobernuaren beraren kudeaketaren balorazioan oinarritzen da», erantsi zuen.
«Gobernuan segitzeko asmoa dugu, baina orain arte egin duguna egiten jarraitzeko», esan zuen Lizarbek. PSNren biltzarrean, ordezkarien %60k bat egin zuen UPNrekin akordioa mantentzea defendatzen duen Roberto Jimenezen zerrendarekin; %40 inguruk, berriz, itun hori apurtzearen alde agertu zen Manuel Campillorekin bat egin zuen.
Murrizketak bezalako gaietan PSNk egiten duenaren eta esaten duenaren artean desberdintasun handia dagoela esaten duten alderdiei kontraesanik ez dagoela erantzun zien Lizarbek. «PSN murrizketen aurka dago eta soilik beste erremediorik ez badago jarriko ditu martxan», esan zuen.
UPN pozik; besteak kritikak
Biltzarrean PSNk Nafarroako Gobernuan segitzeko harturiko erabakia txalotu zuen atzo UPNk. NaBaik, Bilduk eta I-Ek, berriz, PSNk esaten duenaren eta egiten duenaren artean kontraesanak daudela nabarmendu zuten eta PPk gobernu-ituna kritikatu zuen.
UPNk Nafarroako Parlamentuan duen eledun Carlos Garcia Adanero PSNk harturiko erabakia dela-eta pozik azaldu zen. «Itunaren gainean zalantzak izan dituzte, baina biltzarrean UPNrekin jarraitzea Nafarroarentzat ona dela adostu dute», adierazi zuen.
«Itun hori sinatu zuenean UPNk lau urte irauteko asmoarekin egin zuen, Nafarroari egonkortasuna ematen diolako. Hemen inork ez du gehiengo osorik, eta horregatik aukerak urriak dira: UPNk Gobernuan segitzea PSNren sostenguarekin, edo abertzaleek gobernatzea. Eta horiek Nafarroa desagertzea nahi dute», esan zuen Garcia Adanerok.
«Eguneroko politikan PSNren koherentzia falta agerian gelditzen da: gauza bat esaten dute eta beste bat egiten dute. Madrilgo Gobernuaren murrizketen aurka daudela diote baina martxan jarriko dituzte», esan zuen NaBaiko eledun Patxi Zabaletak.
Bilduko eledun Bakartxo Ruizek nabarmendu zuenez, «PSNk berearekin jarraitzea erabaki du, Gobernuan eskuinarekin jarraituko dute. Izenez haratago, murrizketetan oinarrituriko eskuineko politika burutzen ari dira».
I-Eko Marisa de Simonek UPNren gobernu-ituna defendatzea kontraesana dela nabarmendu zuen. «Itxura egiten dute; baina aldi berean, UPN sostengatzen dute», esan zuen. Campillok bozen %40a lortu izana txalotu zuen. «Espero dezagun PSNk ezkerrera jotzea, baina zoritxarrez hori ez da gertatuko».
PPko eledun Ana Beltranek, aldiz, UPNren eta PSNren arteko ituna ez duela gogoko adierazi zuen, «bi alderdien arteko desberdintasunak handiak direlako».
Murrizketen gainean PPk eta PSOEk egin dituzten bideoak ez dituela ikusi onartu zuen Juan Jose Lizarbek. «Oso lanpetuta izan naiz. Dena den, PSOErena PPrena baino hobea izango da», esan zuen.
UPNrekin sinaturiko gobernu-ituna defendatu bazuen ere, Lizarberen hitzetan, «behin-behinekoa da irtenbide hori, ez baitugu betiko egon nahi hor».