GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ugarteburu: «Arazoa ez da ETA desegitea»

ETAren desegitearen gaineko eztabaida erdi-erdian kokatu nahi izatea guztiz «arduragabea» dela nabarmendu du ezker abertzaleak, Maribi Ugartebururen ahotik. «Jarrera inteligentea» eskatu die «PP-PSOE-EAJ hirukoteari». Hortaz mintzatu da Amaiurko Iñaki Antiguedad ere.

GARA | DONOSTIA

ETAren balizko desegitea eztabaida politikoaren erdigunean kokatu nahian dabiltza PP, PSOE eta EAJ azkeneko egunetan. Larunbatean, Brian Currinek horrek dakarren arriskuaz ohartarazi zuen Donostian, eta atzo ezker abertzaleak ere saiakera horren aurka egin zuen.

Maribi Ugarteburu eledunaren ustez, «disoluzioaren diskurtsoa erabat arduragabea da, jarrera inteligente ororen aurka doana». Batez ere PPko Antonio Basagoitiri zuzendu zitzaion, horrekin ez tematzeko esanez: «Gatazkaren behin betiko konponbide demokratiko integrala dago jokoan: ETArekin eseri beharra dute bi gobernuek, ondorioen atala modu ordenatu eta eraginkorrean adostu eta konpontzeko. Eta, gehiago itxaron gabe, Euskal Herriko eragile politiko guzti-guztien artean abiatu beharra dago elkarrizketa dinamika, gatazkaren arrazoiei erantzuna emateko», erantsi zuen Ugarteburuk.

Aieteko Adierazpena eta ETAren erabakia gertatu zirenetik sei hilabete pasatu berri direla gogora ekarri ondoren, PPk «immobilismoan gotortuta» segitzen duela salatu zuen ezker abertzaleak, baina «PSEk eta EAJk ere ez dutela urratsik egin» nabarmendu zuen. «Hirukoteak ordezkatzen du prozesu demokratikoan sakontzeko urratsik ez egitearen jarrera -esan zuen-. Hauteskundeetako epe motzeko interes alderdikoietatik haratago, ordea, erantzukizun osoz jokatzeko garaia da, konponbiderako konpromisoak eta pausoak emanez», helarazi zien.

Antiguedad

Balizko desegitearen kontuaz Iñaki Antiguedadi ere galdera egin zioten, oraindik Amaiurko diputatua delarik, Radio Euskadiko mikrofonoetan. Duela aste batzuk egindako adierazpenak zehaztu zituen Antiguedadek, gaizki ulerturik ekiditeko asmoz. «Niri ez zait burutik pasa, ezta pasako ere, ETAren disoluzioa eskatzea, kartzelan oraindik kide asko ditu-eta, eta kide horiekiko ardura badu». Gainera, lagun horiek beren eskubideak bortxatuta dituztela ekarri zuen gogora.

Enpresa bat egun batetik bestera desegitearekin parekatu zuen ETAri hainbat eragilek exijitzeko diotena, arduragabekeria litzatekeela garbi utziz. «Agian norbaitek ongi deritzo enpresa batek pertsiana ixtea, eta astelehen goizean, langileak agertzen direnean, `desagertu gara' esatea. Ezin da disoluzioaz besterik gabe mintzatu».

Antiguedaden ustez, eztabaida hau piztu dutenek oztopoak jarri nahi dituzte konponbide osoaren bidean. Eta irtenbidea ez dela alde bakar batetik soilik etorriko, baizik eta alde anitzetik eraiki beharko dela uste du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo