GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Itsasgora

Garai ilunak bizi ditugula eta belztu egingo direla errepikatuz gabiltza. Idatzi behar dudan bakoitzean gai alaiak bilatzen saiatzen naiz, eta aurkitzen ez ditudala esatea gehiegi balitz ere, kezkagarriek garrantzitsuago dirudite orokorrean. Gaurkoan ere, unibertsitateko letra ikasketetan sentitzen den beldurra ezin saihestu. Aurreko asteko tasen igoera eta gero, kezka da nagusi: egun batzuk lehenago unibertsitatearen erreformaz aritzean, mantendu ezineko egoeren adibidetzat 50 ikasle baino gutxiago zeuzkaten ikasketak aipatzen ziren. Beraz, tasak direla-eta hurrengo urtean ikasle kopuru batek uztea erabakitzen badu (egoera penagarria berez), zenbait kasutan euren ikaskideen ikasketen jarraikortasuna kolokan jar daiteke, gainera.

Ikasle gutxiko ikasketei buruz, zenbait ingeniaritza aipatu zituen Gobernuak, hipokrisia handiz. Hipokrisia handiz, jakina baita ikasle gutxien dauzkaten ikasketak letretakoak izan ohi direla: filologiak, filosofiak, artearen historiak, geografiak. Bai, noski badela zientzietan kasu solteren bat; eta egia, zenbait ingeniaritza Euskal Herrian bi edo hiru hiriburutan egoteagatik, batera murriztu daitekeela eskaintza, baina jada Boloniako erreformaren aitzakiaz ikasketak desagerrarazteko arriskua agertu zenean, letrak ziren ahul.

Bestela, begira diezaiogun Wertek izendatutako «Jakintsuen Asanbladari»: zientzialariak, ekonomialariak eta zuzenbidean espezialistak. Teknokraziako buruak. Balioak aldez aurretik zehaztuta daude. Guztiz kapitalista eta produktibo ez diren ikasketen mantentzea nahi badugu, hobe dugu euste-neurriak hartzea, itsasgora baitator.