Fredi Paia Bertsolaria
Sentsazioa aldatu
Egungo «impasse» egoera irauli eta mugimendu sentsazioa eraikitzea litzateke helburua. Bai, sentsazioa, mundua aldatzen duen indar misteriotsu horiGaraiak aldatzen dira, zikloak badatoz eta badoaz, eta gu, eurekin batera. Horma berberen kontra behin eta berriz lehertzeaz gogaiturik, bidaia bat egin du nire buruak azken boladan. Anbotoko Damaren kobatik Konigsberg hiriko Pregel ibai gaineko zubietara. Dena elkarri loturik dagoela dioen gure arbasoen pentsamentu mitologikotik, sareen barne lotura eta fluxuak azaltzen dituzten Leonard Eulerren grafo matematikoetara. Bihotzarekin pentsatzeari utzi eta buruarekin sentitzen hasteko sasoia heldu da. Ez da hain koloretsua, konforme, baina zuria kolore guztien batura dela dakienak ezberdin begiratzen dio beltzari.
Egoera politikoan antsietatea arnas liteke. Sam Peckinpah eta John Forden westernaren zein Akiro Kurosawaren zazpi samuraien zaleak badaki, ikuslea desesperatzeko arriskua dagoen arren, patxadatsuena ateratzen dela beti irabazle. «Path-ek harrapatuko zaitu, inork baino tenple handiagoa du!», abisatu zioten Billy Umeari hil baino egun batzuk lehenago. Eta gure filmean, ikusleak ez ezik, protagonistak ere aharrausika antzematen ditut. Oso astiro doa dena!
Desio dugun prozesu politikoa Eulerren grafo moduan defini genezake. Abiapuntua egungo egoera litzateke, helburua gatazkaren ondorioekin amaitu eta gure eskubide kolektiboak praktikan jartzeko aukera emango digun markoa lortzea. Bitartean, igaro beharreko hainbat korapilo daude: legalizazioa, iheslariak, euskararen erabilera, patriarkatuaren abolizioa, AHT... eta otutzen zaizkizuen beste guztiak. Horiengan guztiengan indar egiten dugu, helburura bidean, baina korapilo guztiak ez dira berdinak. Lehen ezberdintasuna, eta garrantzitsuena epe laburrera, Estatuak eurengan duen eraginkortasun maila, beto gaitasuna da. Preso politikoen korapiloaren gainean ia erabateko kontrola du. Ostera, Cabacas gaztearen hilketak errepresio indarren gainean sortu duen pertzeptzio berriaren ondorioek erraz egin liezaiokete ihes.
Gure indarra duguna da. Indar hori etengabe handitzea dinamika bihurtu eta ondo neurtu dezagun une bakoitzean. Estatuari blokeatzea zailago egingo zaion korapiloetan inbertitu dezagun gehiena, gainerakoak ahaztu barik, baina frustrazioaren arriskua lausotuz. Estatuak guztiz trabatu ezin dituen esparru horietan bi norabidetan jokatu beharko dugu. Alde batetik epe luzera, etorkizunean non egon gura dugun argitu eta soilik luzera bistaratuko den inurri lana aktibatu dezagun. Bestetik, estatuari kontrol sentsazioa galaraziko dioten pauso sinbolikoak eman ditzagun. Hegoamerikar gobernuen politika efektistak lirateke eredua, zer esana sortuko dutenak, debatea estatuak kontrolatzen dituen korapiloetatik aldenduko duena. Egungo impasse egoera irauli eta mugimendu sentsazioa eraikitzea litzateke helburua. Bai, sentsazioa, mundua aldatzen duen indar misteriotsu hori.
Estatuak kontrol sentsazioa galtzen badu, mugitzera derrigortuko dugu. Politikan, ematen diren pausoak baino garrantzitsuagoa da urrats horien kudeaketa. Eta are garrantzitsuagoa, kudeaketa horren kontrola norberak duen sentsazioa.