GARA > Idatzia > Kultura

Historiaurreko doinuak eta egungoak uztarturik, Izturitzeko harpeetan

Historiaurreko bost flauten soinuak entzungai izango dira datorren maiatzaren 11n eta 12an, Izturitze eta Otsozelaiko harpean aurkeztuko den «Aspaldian» sorkuntzari esker. Arkeologoekin estuki lanean arituz, François Rossie konpositore garaikideak sortu du pieza. Nafarroa Behereko harpe hauetan aurkitutako txirula pusketan oinarritu dira saien hezurrekin egindako flautak lantzeko. Haitzuloek musikarekin izandako lotura goraipatu nahi dute antolatzaileek.

p046_f01.jpg

Ainize BUTRON | HAZPARNE

Mixel Etxekopar txirulari zuberotarra, François Rossie konpositorea, Jean Charles Sans, Christian Vieussens eta Jean-Louis Hargous musikariek Christian Normand Otsozelaiko harpeetako arkeologoarekin urtebetez egiten aritu diren lana berezia izan da. Izturitzen aurkituak izan diren historiaurreko txirula puskatuak hartu, eta berrasmatzen aritu dira, horrekin sorkuntza bat egiteko asmoz.

Otsozelaiko haitzuloetan aurkituak izan diren hogeita hiru flauta zati eredutzat harturik, historiaurreko bost xirula egin dituzte, eta datorren maiatzaren 11n eta 12an aurkeztuko duten «Aspaldian» sorkuntza idatzi dute horiekin jotzeko. «Desafio handia izan da, nehork ez baitu sekula horrelakorik egin», aitortu zuen Mixel Etxekoparek.

Artista zein zientzialarientzat desafioa bi mailatan kokatu da gainera: alde batetik, flauta jotzeko teknika bilatzea; eta bestaldetik, flauta horientzat sorkuntza egitea. «Teknika berezia daukate xirula horiek. Bi alderdietatik zuloak dituzte, eta ez dute sisturik soinua ateratzeko. Beraz, horrelako tresnekin jotzen ikasten aritu gara. Magreb eta Egipton badira horrelako xirulak beraz, horiek baliatu ditugu», argitu zuen Etxekoparek.

Erdi aroko teknikak

Pieza idazteko, Otsozelaiko arduradunek, François Rosseri, iaz Mixel Etxekoparekin «Transhumantzia» diskoa kaleratu zuen konpositore garaikideari dei egin zioten. Konposaketa lantzeko, ahozkotasun eta inprobisazioan oinarritu da artista.

«Rossek teknika mistoa baliatu du sorkuntza egiteko. Flautentzat Erdi Aroan baliatzen zen idazketa pneumatikoa erabili du, ez baitzen sekula horrelako tresnekin ezer idatzi, eta egungo teknikak ez ziren egokiak», gehitu zuen zuberotarrak. Ikuskizunean, bost flauta horien doinuei enbor soinudunak, perkusioak, flauta klasikoa, dispositibo elektro-akustikoa eta klarinetea gehituko zaizkie. Egungo musika tresna horientzat aldiz, Rossie konpositorea idazkera garaikideaz baliatu da. «Hilabeteak behar izan ditut flauta jotzen ikasteko. Baina, harpe-zuloan aritzea ere zaila izan da, akustika oso berezia baita barne horretan. Eta konpositorea ere soinu horri egokitu behar izan zaio», zehaztu zuen.

Sorkuntza duela urtebete hasi ziren lantzen eta guztia asmatu behar izan zutela nabarmendu zuen Etxekoparek. «Arkeologoekin batera flautak egiten aritu gara. Dena asmatu behar izan dugu. Ez genuen eredurik hezurrak eta harriak izan ezik. Soinu aberatsena aztertzen aritu gara flautentzako. Baina oso esperientzia polita izan da arkeologoekin batera lanean haritzea», bukatu zuen txirulariak.

HITZALDIA

Hilaren 27an, Bastidan, Veronique Laroulandie arkeozoologoak «Historiaurrean aditua eta lumak» hitzaldia eskainiko du. Txorien eta Izturitzeko biztanleen arteko lotura aztertuko du.

Fitxa

Lekua: Otsozelai eta Izturitzeko haitzuloak (Donamartiri, Baxenabarre).

Eguna: Maiatzaren 11n eta 12an, 19.00etan eta 20.30ean.

Antolatzailea: Harpeen Arte eta Zientzia kulturgunea.

Prezioak: 13 edo 7 euro. Deitu: 00 33 559 47 30 17.

35.000 urteko lotura dute harpeek txirula hotsarekin

Izturitze eta Otsozelaiko harpeak mundu zabalean ezagunak dira bertan aurkitu baita flauta zaharrenetariko bat. 35.000 urteko antzinatasuna du, eta gaur egun, Pariseko museo batean dago ikusgai. XX. mendearen hasieran hasitako indusketek azaleratu dutenaren arabera, Izturitze eta Oxozelaiko harpeak dira mundu osoan flauta paleolitiko gehien aurkitu diren gunea. Ikerlarien iritziz, Izturitzeko historiaurreko biztanleak lirateke lehenengo musikariak. Musikarekiko lotura hori goraipatu nahi izan dute «Aspaldian» ikusgarriarekin. Ugatz edo saien hegal hezurrekin eginak, beste hogei bat xirula puska aurkituak izan dira Izturitzen. Etxekoparen esanetan, txirula horiek guztiek izaera berezia daukate. «Soinuen aldetik bakoitzak bere berezitasuna dauka, baita ziloetan ere. Tresna horietatik atera daitekeen soinuari buruzko hipotesiak eginak zituen Normand arkeologoak. Berak egin dizkigu gomendioak», azaldu zuen. Sorkuntza leizeetako arduradunek antolatu duten «Txoriak eta gizakia» izenburuko zikloaren karietara antolatua izan da. Maiatzaren 10ean, Hazparneko Eihartzea kultur etxean Mixel Etxekopar eta François Rosse arituko dira. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo