Goi mailako zortzi taldek gorpuztuko dute Aitzealdenk! jaialdiaren lehenengo edizioa
Azpeitiko Sanagustin kulturguneak hartuko du, hilaren 27tik 29ra bitartean, Aitzealdenk! jaialdiaren aurreneko edizioa. Egungo euskal eszena musikaleko talde indartsuenetako batzuek hartuko dute parte.
Alvaro HILARIO | AZPEITIA
Asteburu honetan beste rock-and-roll jaialdi bat loratuko da Azpeitian; Aitzealdenk! du izena. Euskal Herriko eta atzerriko zortzi taldek hartuko dute parte Sanagustin kulturgunean egingo diren hiru kontzertuetan. Herriko Mondo Cane taldea ere bertan izango da, talde azpeitiarrak ezagutaraztea baita jaialdiaren helburuetako bat. Antolatzaileek urriaren amaierarako iragarri dute jaialdiaren bigarren edizioa.
Ostiralean, hilak 27, 22.00etan, Azpeitiko banda Mondo Cane, Bilboko Capsula eta Estatu frantseseko Antilles taldeek emango diote hasiera jaialdiari. Elkarrekin sei urte eman ostean, iaz grabatu zuen lehenengo diskoa Mondo Canek, «UrAzala». AEBetatik etorri berriak, Martinek, Conniek eta Natxok, hau da, Capsulak ohiko zuzeneko indartsu bat emango dute, zalantzarik ez. Antilles, bestalde, oso gutxitan agertzen den taldea dugu, hiru kideek beste taldeetan jotzen dutelako (The Berg, Sans Nipple eta Sister Iodine); ostiralekoa, beraz, galdu ezinezko aukera da.
Larunbatean, hilaren 28an eta 22.00etan, oso kartel erakargarria dugu: Gipuzkoako Inoren Ero Ni, Baionako Willis Drummond eta We are Standard talde bizkaitarra. Kultur Mahaiko Aitor Bengoetxearen esanetan, «Inoren Ero Ni aski ezaguna zen; BAP! taldearen errausketatik sortutako taldea da; Willis Drummond une honetan Euskal Herrian dagoen zuzenekorik indartsu eta biziena duen taldea da eta We Are Standard taldeak «Great State» diskoa aurkezteko abiatu duen biratik bueltatutakoan lehenengoetako kontzertua eskainiko du Azpeitian». Willis Drummondek iaz kaleratu zuen laugarren diskoa, «Instanteak» (Bidehuts).
Jaialdia ondo amaitzeko, soinu inprobisazioa eta ikus-entzunezko proiekzioa zuzenean nahasten dituen eta Londrestik datorren Santiago Latorreren eta Rauelsson musikariaren emanaldiak izango dira igandean, hilaren 29an, 20.00etan. Rauelssonek alboan izango du Low talde estatubatuarraren hasierako kantari gisa ibili berri Piter Broderick.
Aitzealdenk! Zuzenean jaialdirako sarrerak Sanagustin kulturgunean eta aitzealdenk.net webgunean eros daitezke dagoeneko. Leku horietan jaialdiaren egun bakoitzerako sarrerak eros daitezke, baina herritarrek badute hiru eguneko kontzertuetarako bonua erosteko aukera, 24 euroan. Bestalde, antolatzaileek urriaren amaierarako iragarri dute Aitzealdenk! jaialdiaren bigarren edizioa. Kartela osatzeke badago ere, Ama Say eta Lisäbo egongo direla ziurtatuta dago.
Non: Azpeitiko Sanagustin Kulturgunea.
Data: Apirilaren 27tik 29ra.
Ordua: 22.00etan lehen kontzertu biak eta 20.00etan igandekoa.
Sarrerak: www.sangustinkulturgunea.net eta www.aitzealdenk.net