Gernikarrek kantuz azalduko dute beste behin bonbardaketa egunean bizitakoa
Apirilaren 26a egun seinalatua da gernikarrentzat eta duela 75 urte gertatutakoaren kantu kronika egingo dute bihar herritarrek. Iaz gauzatu zuten lehenengo aldiz «Gernika sutan» antzezlana, aurtengo urteurrenaren «entsegu» gisa. Parte-hartzeak gora egin du bai jende kopuruan -200dik gora izango dira- eta bai herritarren ekarpenen aldetik ere. Ikuskizuna 19.00etan hasiko da Seber Altube auditoriuman, eta Foruen Plazan amaituko da.
Ane ARRUTI | BILBO
Bonbardaketen 75. urteurrena jomugan jarrita, «Gernika sutan» ikuskizuna antzeztu zuten iaz Gernikako 150 herritar inguruk. «Bagenekien jende askok parte hartuko zuela, oraindik testuak egin gabe zeuden... Lehenengo kontaktua izan zen eta jendea pozarren gelditu zen; argi genuen aurten errepikatu eta hobetu egingo genuela», azaldu zuen Eneritz Artetxe aktoreak, ikuskizunaren koordinatzaileak. 3.000 ikusle inguru bildu ziren iaz, «gainezka egin zigun», eta aurtengoan esfortzu berezia egin dute ikusteko eta entzuteko baliabideak hobetzen.
Aurten ere, Maskarada taldeko Carlos Panera zuzendari dutela, kalera aterako dira adin guztietako herritarrak, 200dik gora, Gernikan gertatutakoa kantuz kontatzera. «Eszena batzuk osatu egin ditugu, pixka bat jantzi, ibilbidea aldatu dugu... eta jende gehiago apuntatu da», azaldu zuen Artetxek.
Kronikako testuak Edorta Jimenezek idatzi ditu eta doinu herrikoiekin abestuko dituzte. Beste zenbait kolaboratzaile izan dituzte hainbat eszena lantzeko; Xabier Amurizak, Jon eta Onintza Enbeitak, Jon Lopategik, Eneritz Artetxek... euren testuak egin dituzte eta Joseba Sarrionandiaren poema pare bat ere erabili dituzte.
Seber Altube auditoriuman hasiko da ikuskizuna eta lehenengo eszena ikusgarria izango dela aurreratu zuen Artetxek. «Hasieran batzar moduko bat egingo da; jendeak bertsoak idatzi ditu bere kabuz, ezagun bati gertatutakoarekin edo etxean entzundakoarekin... Koruak anfiteatro batean jarrita abestuko du. Haurrak eskolatik irtengo dira eta bonbardaketa hasiko da. Hortik aurrera denok batu eta ibiltzen eta abesten hasten gara denok, kronika eginez. Gero, pasealekuan, suhiltzaile bat agertuko da sua itzali ezinik; beste puntu batean, errefuxiatuak ikusiko ditugu korrika, trenerantz; beste eszena batean, etxe batean, okindegi bateko ahizpa bi ikusten da nola hil ziren erreta; San Juan plazan gudariak agertzen dira abesten nola ezin izan duten ezer egin, nekazariak ortua hankaz gora, artalde bat hilda, ama bat ume hila eskuetan duela...». Ikuskizunaren bukaera Foruen Plazan egingo dute, «hil zirenen omenez eta gertatu zenari buruzko egia zabaldu zutenen omenez abestuko da», eta irrintziekin, txalapartarekin, fanfarre batekin, dantzariekin... emango zaio amaiera herri antzerki honi.
Maialen Lujanbio bertsolariak eta Juan Pinilla flamenko kantariak ikuskizun berezia eskainiko dute Eibarren, bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko. «Gerra Zibila Eibarren, bertsoz eta kantuz» ekitaldia Coliseo antzokian izango da bihar, 20.30etik aurrera.
Ahotsak.com proiektuan jasotako bideo pasarteak izango dituzte bidelagun Pinillak eta Lujanbiok. Bertan gerra ezagutu zuten Eibarko lekukoen testigantzak biltzen dira. Garai hartako argazkiak eta irudiak ere erabiliko dituzte. Hala, gai-jartzaile baten bidez egin beharrean, Lujanbiori gerrako irudi eta lekukotasunek emango diote bertsotarako hizpidea. Pinillak ere gerrako irudiek lagunduta egingo du kantaldia. Bere azken laneko «Las voces que no callaron» diskoko kantuak abestuko baititu.
Eibarko Udaletik atzo adierazi zutenez, egitarau oparoa antolatu dute bonbardaketaren 75. urteurrenaren harira, eta horren barruan dago biharko ikuskizun artistikoa ere. Ikuskizunaren bideoa nahiz gainerako ekitaldien egitaraua eta informazioa udalaren webgunean jarri dituzte eskuragarri. GARA
Zazpi dantzari, zazpi haur dira Kukaik eta Ttanttakak elkarlanean sortutako «1937: gogoaren bidezidorretatik» ikuskizunaren protagonistak eta atzo berreskuratu zuten, urte dezenteren ondoren eta ehun emanaldi inguru egin ostean, Gernikako bonbardaketa jasan zuten haurrak oinarri dituen lan hauxe. Mireia Gabilondok idatzi eta zuzenduta, Jon Mayarenak dira koreografiak eta Juan Mari Beltranena musika. «Ikuskizuna bonbardaketatik hasten da eta kontatzen da Euskal Herritik alde egin behar izan zuten milaka eta milaka haurren istorioa, konkretuki horietako zazpirena. Ikuskizun osoan zehar bideo proiekzio bat dago, garaiko irudiekin eta euren irudiekin tartekatuz: nola itsasoratzen diren eta egoera hain latzean ere nola jarraitu zuten ikusten da, kanpamenduetan nola bizi ziren, haien gaueko jolasak, lehenengo maitasun istorioak, euskaraz dantzan eta kantuan erakusten zieten maisu-maistrak...», azaldu zuen Jon Mayak.
Atzo Gernikan izan ziren eta bihar Donostiako San Telmo museoan emanaldiaren zati bat eskainiko dute 20.30etik aurrera. Ostiralean, berriz, Galdakaon izango dira. Maiatzaren 3an eta 10ean Errenteriako haurrei zuzendutako emanaldia egingo dute, eta uda ostean, irailaren 30ean, Eibarren egongo dira. A.A.