GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ainhara Plazaola ELAko ingurumen atalekoa

«Fracking»-ik ez! Ez Araban, ez inon!

Ezohiko gasaren azterketan eta ustiaketan inbertituko diren milioiak berriztagarrien garapenean eta energia kontsumoaren murrizketan inbertitu behar dira

Pasa dira hilabete batzuk Araban «ezohiko gasa» dagoela eta krisi energetikoaren irtenbidea izango dela entzuten hasi ginenetik. Aurkitutako ezohiko gasa normalean erabiltzen den gas naturala baino askoz kutsakorragoa da, ikatza bera baino kutsakorragoa.

Gas hau lur azpian metro askora aurkitzen da, eta bera ateratzeko teknikak ere, fracking edo haustura hidraulikoa deiturikoak, kalte handiak eragiten ditu. Haustura hidraulikoa lortzeko ura (%98) eta substantzia kimiko ezberdinen (%2) nahasketa bat presio bidez lur azpian sartzen dute, lurpeko geruzetan dagoen gasa ateratzeko.

Erabiltzen den ur kopurua izugarria da eta substantzia kimiko horien portzentajea txikia izan arren, kopurua oso handia da. Substantzia hauek akuiferoetara filtratzea denbora kontua da, eta ingurumenean zein giza osasunean kalte konponezinak eragiteko arrisku larria dakar. AEBetan jarduera honekin izan duten esperientziak erakutsi du akuiferoak eta lur azaleko ura kutsatu egiten direla. Ateratzen den gasaren zati bat gainera atmosferara isurtzen da, berotegi efektua areagotuz eta airea kutsatuz. Fracking-ak inguruko populazioaren osasunean eragin larriak sortuko ditu. Baina beste kalte batzuk ere ekarriko ditu: lur-mugitzeak, habitataren suntsiketa, kutsadura akustikoa, lokatz toxikoen gainazal-putzuen eraketa, nekazari- tzarako lurrak galtzea...

Energia enpresa handiek mundu osora zabaldu nahi dute jarduera hau, eta dagoeneko 30 herrialdetara iritsi dira, tartean Euskal Herrira. Araban, lur azpian dagoen gasa aztertzeko bi putzu irekitzeko baimena lortu dute. 100 milioi euro kostako diren azterketa putzu hauek Gasteizko udalerrian daude kokatuta, baina herrialde osora zabaldu nahi dituzte; are larriagoa litzateke azterketa hauen ondoren benetan gasa ateratzen hasiko balira, ehunka putzu beharko liratekeelako gasaren ustiaketarako.

Datorkigun arazo larri honen aurrean, dagoeneko Araban plataforma bat sortu da Fracking Ez Araba deiturikoa, non ELAk parte hartzen duen. Talde honen helburuetako bat gas mota honek ekarriko dizkigun kalte larriak gizarteari azaltzea da. Baina baita administrazio ezberdinei proiektua geldiarazteko exijitzea ere. Teknika honen erabilpenaren eraginaren inguruko ziurtasun zientifikorik ez dagoenez, europar legedian jasotzen den Ardura Printzipioa bete dadin eskatzen dugu. Kasu honetan, gainera, ingurumen eraginaren azterketarik egin gabe putzuak martxan jartzeko baimena eman diete, beraz printzipio hau urratu egiten da. Printzipio horri jarraituz, Frantziak eta Herbehereek fracking-a debekatu dute jada.

Ezohiko gasaren ustiaketa oso kutsakorra eta arriskutsua izateaz gain, atzerapausoa da energia ereduaren aldaketan. Gure energia kontsumoa murriztu eta erregai fosilen erabilera alde batera utzi behar dugu energia berriztagarrien mesedetan. Inbertsioak eta esfortzuak energia kontsumoa gutxitu eta berriztagarriak garatzeko bidean egin behar dira. Ezohiko gasa ateratzeko proiektua defendatzen dutenek energia burujabetasuna, lanpostuen sorrera eta aberastasuna goraipatzen dute. Baina prezio altuegia dauka mota honetako garapenak. Energia iturri berriztagarriekin ere hau posible izango litzateke: lanpostuak sortzen dira, sektore garbiak garatzen dira, aberastasuna dakar... Eta benetako energia eredu iraunkorra da ekonomikoki, sozialki eta ingurumen aldetik; ezohiko gasaz ezin da berdina esan. Ezohiko gasaren azterketan eta ustiaketan inbertituko diren milioiak berriztagarrien garapenean eta energia kontsumoaren murrizketan inbertitu behar dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo